2022ko egonkortzeko salbuespenezko prozesuetan (meritu lehiaketetan) hautatuak izan diren langileak mediku azterketak egiten ari dira ikasturte nasiera honetan zehar. Gaur egun, mediku azterketa horiek Eusko Jaurlaritzako prebentzio zerbitzuaren ardurapean daude zuzen-zuzenean. Araban, bestalde, zerbitzua pribatizatu egin dute, mediku falta dela eta.
STEILAS sindikatutik irmoki salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak bere ardurapean dauden betebeharrak gero eta gehiago pribatizatu egiten dituela, kasu honetan zuzen-zuzenean enpresa pribatuari, Quiron-i, inolako hizkuntza betekizunik jarri gabe. Izan ere, harrigarria eta guztiz gaitzesgarria da euskararen hizkuntza eskubidea arautu eta berrogei urtetara oraindik Hezkuntza Sailarentzat euskara ez izatea erdiguneko irizpide bat zerbitzuak lehiaketara ateratzeko edo, kasu honetan bezala, zuzenean osasungintzako enpresa pribatu bati esleitzeko.
Hala, jakin dugu merezimendu-lehiaketan plaza atera duen langile baten hizkuntza eskubidea urratu egin dela, ez baitute errespetatu euskaraz artatua izateko duen eskubidea errespetatu.
Horregatik guztiagatik, STEILASek Hezkuntza Sailari exijitzen dio, lehenik eta behin, mediku azterketa zerbitzua berpublifikatu dezala. Eta bigarrenik, zerbitzua euskaraz eman dezala, langileen hizkuntza eskubideak errespetatuz, dagokien lurraldean.
Leave A Comment