Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza publikoko sindikatu guztiok (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) irailaren 26ko greba deialdia erregistratu dugu gaurkoan Hezkuntza Departamentuan. Erakunde sinatzaileok uste dugu administrazioaren aurrean sektore publikorako lan hobekuntzak denbora luzez aldarrikatu ondoren, Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak ez dietela jaramonik egin gure eskaerei: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan gainkarga murriztea eta irakaslegoaren egonkortzea. Horregatik guztiagatik, irakaskuntza publikoko irakasleon ordezkari garen sindikatuok adierazi nahi dugu nazkatuta gaudela administrazioaren negoziazio faltarekin. Uste dugu mobilizatzeko unea iritsi dela, eta dei egiten dizuegu irakasle guztiei irailaren 26an, osteguna, grebarekin bat egin dezazuen.

Hezkuntza publikoko langileon ordezkari garen zazpi sindikatuok, Nafarroako irakaskuntza publikoan diharduten langileei zuzendu gara gaurkoan, aurtengo ikasturte hasiera ez dugulako arrunta izanen. Nafarroako hezkuntza publikoan ditugun premiazko beharren aurrean gobernuaren aldetik erantzunik izan ez dugunez, ikasturtea grebarekin hastera goaz.

Irailak 26an irakasleak kalera aterako gara, hortaz, beharrezkoa dugu lehenbailehen langileok antolatzen, pankartak prestatzen, ikastetxeetan asanbladak eta elkarretaratzeak egiten, eta ahoz-ahokoan lankide, familiak eta orohar, hezkuntza komunitatea berotzen hastea. Zazpi sindikatuok hurrengo asteetan ikastetxe guztietara bilera eta asanbladak antolatuko ditugu. Astelehenetik aurrera patioan edo ikastetxeetako sarreretan elkarretaratzeak egitera animatzen zaituztegu kartelekin, pankartekin edo hobe ikusten duzuen modura.

Une erabakiorra da, hezkuntza publikoak behingoz jauzia emateko garaia. Guztion babesarekin soilik lortuko dugu!