Ikasturte hasierari dagokionez, EAEko esleipen prozesuak nahiz eta aurreratu dituzten aurtengo udan, gaur gaurkoz hainbat ikastetxetan lanpostu ugari hutsik daude oraindik langilerik gabe. Nabarmena da aurtengo esleipen prozesuak badituela hobetzeko alderdi ugari, azken orduko aldaketek eta atzeratzeek egonezin eta haserreak sortu baitituzte udan.
Ikasturte berri honetan, kudeaketaren eta Hezkuntza Lege honen aplikazioaren gainetik, Euskal Eskola Publikoa indartuko dituen politika zehatzak behar ditugu, denona eta denontzat, eta euskalduna den hezkuntza sistema publiko indartsu bat izateko. Horretarako, behar adina baliabidez hornituta egon behar du eskola publikoak. Gizartea gero eta konzientziatuago dago Euskal Eskola Publikoa erdigunean egotearen beharraz, orain administrazioak zerbait egin dezan falta zaigu, publikotasunaren aldeko apustu bat alegia: asmoetatik ekintzetara pasatzea.
Horretaz gain, erronka zehatz gisa, dagoeneko iraungita dauden lan hitzarmen berriak negoziatu behar ditugu sektore guztietan, joan den legealdian aritu ginen baina ez genuen lortu, konpromezu falta egon baitzen. Espero dezagun Hezkuntza sail berriarekin ditugun erronkei aurre egin ahal izatea: interinitatea jeistea, langileen lan kargak arintzea, eros ahalmena berreskuratzea eta erretirorako neurriak hobetzea.
Hezkuntza Sail berriari gertuko jarrera izan dezan eskatzen diogu eguneroko arazoei aurre egiteko eta arazo estrukturalei irtenbidea aurkitzeko alde soziala kontuan izatea. Horretarako dagozkien bilerak deitu eta adostasunak bilatu behar ditugu.
Leave A Comment