Gaur EHUko ikasturteari hasiera emateko ekitaldi instituzonala ospatu da Leioan. Bertan, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EHUrentzat finantzaketa egokia aldarrikatu eta unibertsitatearen eta zerbitzuen pribatizazioa salatu dugu. Baita lagilegoaren lan baldintzen hobetzea eta gobernantza eredu garden eta parte hartzaileagoa exijitu ere.
Ikasturte hasierara heldu gara osatu berria den EAEko gobernuarekin eta sortu berri den Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin. Era berean, gaurko ekitaldia errektoretzarako hauteskundeen atarian kokatzen da, bertatik gobernu talde berria irtengo delarik.
Berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren zein EHUren agintarien hitz politak entzungo ditugu unibertsitate publikoaren norabidearen inguruan. Autokritikaren bat eta dauden arazo batzuen aipamen bat edo beste egingo dute, baina, orokorrean, “egoera onean” dagoen eta “bikaintasunerantz” doan unibertsitatea goraipatuko dute, ranking-etako datuak lagunduta.
Aginte-mailako aldaketak bai, egongo dira, baina, EHUko hainbat eremutan beharrezkoak diren aldaketak sustatuko dira?
Aldaketak egongo dira unibertsitate publikoaren finantziazioan?
EHUren azpifinantziazioa endemikoa da eta oraindik ez dugu 2008-2010 urteetako finantzaketa maila berreskuratu. Horrez gain, USLOk unibertsitate publikoetarako 2030 urterako zehazten duen BPGren % 1 izatetik oso urruti gaude; % 0,4an hain zuzen ere.
Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez da sumatzen beharrezko borondatea progresiboki helburu horretara heltzeko. Bitartean, sortu berri diren unibertsitate pribatuetara (BCC, Euneiz…) erraztasunak eta finantzaketa publiko nabaria bideratzen ari dira.
Aldaketak egongo dira zerbitzuen pribatizazioaren bilakaeran?
Azken urteetan hainbat zerbitzutako gabeziak ugaldu dira:
-
Osasun-zerbitzua urte honen bukaeran eduki beharko lituzkeen lau medikuetatik bakarrarekin geratuko da eta Gasteizen ez dago ez medikurik ezta erizainik ere. Honen aurrean EHUko zuzendaritzak aurkitu duen aterabidea IMQ prebentzio zerbitzu pribatua kontratatzea izan da, bestelako aukerak baztertuz.
-
Mantentze lanetarako daukagun zerbitzua giza baliabideez hustu egin da eta gero eta lan gehiago enpresa pribatuen bitartez egiten ari dira, zuzendaritzak aurkeztu behar zuen zerbitzuaren egoera eta proposamen orokorrari muzin eginez.
-
Informazio eta Komunikazioaren Teknologien zerbitzuan joera antzekoa da: lanpostu berriak sortu eta dauden langileak trebatu ordez, kanpoko enpresak eta zerbitzuak kontratatzea, unibertsitate publikoaren autonomia eta boterea galduz. Zerbitzariak eta zerbitzuak (tartean ikasle eta langileen epostak) multinazionalen esku jarrita, informazio oso baliagarriaren zaintza (datu pertsonalak, ikerkuntzako emaitzak…) esku pribatuetan geratzen dira.
Aldaketak egongo dira gobernantza ireki eta parte-hartzaileago bat lortzeko?
Gardentasuna, parte-hartzea eta burokrazia arintzea maiz aipatzen bada ere, oso pausu gutxi eman da bide horretan. Aitzitik, EHUko langileen eta ikasleen parte-hartzea oso mugatua mantentzen da eta zeregin burokratikoek gero eta pisu handiagoa hartu dute guztion lanean.
Bada garaia egungo gobernantza eredu eta prozedura astun, zaharkitu eta fosilizatuak aldatzeko. Baita egitura guztien parte hartze eraginkorra lehenesteko ere, Unibertsitateko komunitate sendoa eratze aldera.
Aldaketak egongo dira arduraldi partzialeko ordezko irakasleen lan-baldintzetan?
Irakasle laguntzaile doktore plazen sorreran igoera nabarmena egon bada ere, ordezko hirurehun bat irakaslek miseriazko soldatak jasotzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortu eta ordaindu gabe mantentzen diren bitartean. Arduraldi osoko irakasleen ordezkapenak arduraldi osoko kontratuen bitartez egin behar dira, aitzakiak bilatzeari utzita. Ezin da onartu, asko edo gutxi izanda ere, EHUn irakaslerik izatea baldintza horietan.
Errektoretza taldetik eta Eusko Jaurlaritzaren sailetik benetako irtenbide bat bilatu ordez (tartean 41/2008 Dekretua aldatuz), adabakiekin iskin egiten saiatu dira, baina egoera larri hori mahai gainean mantentzen da.
Aldaketak egongo dira zaharkituak dauden araudietan?
Aipatutako 41/2008 Dekretuaz gain, EAEko Unibertsitate Sistemaren lege berri bat garatu behar da, beharrei erantzuteko eta zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Orain da momentua. Ezin dugu jarraitu zahartuta eta alderdi askotan hankamotza den lege bat arrastaka eramaten. Langileen figurei dagozkien ezaugarri, dedikazio eta funtzioak birdefinitzeaz gain, lege berri horrek soldatak duintzea eta kolektibo batzuen prekarizazio eta diskriminazioarekin bukatzea ahalbidetu behar du.
Aldaketak egongo dira TEKAZELen plantilla-politikan?
EHUk IRI/TEKAZEL ratio handiena (1,9) du estatu mailako unibertsitate publikoen artean. Aitzitik EAEn unibertsitate pribatuek 1,4ko ratioa dute. Horrek, neurri handi batean, EHUko TEKAZEL eremuko langileek pilatu duten lan-zama adierazten du. Gainera, aurrekoari gehitu behar zaio azken urteetan unibertsitateak, erakunde gisa, lan-zama handiagoa eskuratu duela bere gain, izan irakaskuntzan, ikerkuntzan zein zerbitzu ugaritan. Bada garaia TEKAZELen plantilla aztertu eta handitzeko.
Aldaketak egongo dira TEKAZELen eta IRIen soldatetan?
Azken hamarkadan (2014-2023) KPIren igoera EAEn % 21ekoa izan da. Agerikoa da EHUko langileen soldatak ez direla igo neurri berean eta, ondorioz, langileok gure eros ahalmena txikiagotzea pairatu dugu. Bestalde, 2007an egindako lanpostuen balorazioa zaharkituta geratu da, lanpostu gehienetan lan-zama handitu delako urte guztiotan. Bestetik, aurrerapausoak lortu badira ere, aldi baterako ikertzaile gehienen soldata urruti dago duina izatetik eta 2006an onartu eta aldatu ez diren IRIen ordainsari osagarriak eguneratu behar dira.
Aldaketak egongo dira plantilla handitu eta gaztetzeko?
EHUko plantilla ez da nahikoa eta zaharkituta dago. Hurrengo urteetan langile asko erretiratuko dira eta errelebo egokia eta programatua ematea ezinbestekoa da. Horretarako, erretiro-baldintza aproposak eskaini behar dira. Argi geratu zen hori 2022ko urrian Zuzendaritzak alde bakarrez hartutako neurrien porrotarekin. Murrizketa horien aurrean salaketak eta mobilizazioak egin genituen eta Errektoretza proposamen berria aurkeztera behartu genuen.
Erretiroa errazteaz gain eta gabeziak kronifikatu baino lehen EHUren zenbait zerbitzu eta sail langile berriekin indartu behar dira, lanez gainezka baikaude. Horretaz gain, Unibertsitateak behar duen plantilla aztertu behar du.
Arrazoi horiek, besteak beste, eraman gintuzten aurreko ikasturtean EHUn mobilizazio ugari egitera, bost greba tartean. Hasi berria den ikasturte honetan ere, langileen lan-baldintzen alde baita euskal jendartearen zerbitzura dagoen kalitatezko unibertsitate publiko baten alde ere borrokatzeko prest agertzen gara.
EHUn lan- baldintza duinak eta kalitatea bermatzearen alde
Prekarizazio eta diskriminaziorik gabeko unibertsitatearen alde
Euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatearen alde
Parte-hartzailea, irekia eta dinamikoa den unibertsitatearen alde
Nahikoa baliabide daukan unibertsitate publikoaren alde
Leave A Comment