Nafarroako Hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariok (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) prentsaurrekoa eman dugu gaur goizean Iruñean, eta bertan jakinarazi dugu datorren irailaren 26ko grebari begira sortutako Greba Batzordeak eskaera formala erregistratu duela Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin batzartzeko, sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko helburuarekin. Gainera, sindikatuok aurreratu dugunez, irailaren 26ko goizean mobilizazioak izanen dira eskualde buruetan, eta arratsaldean manifestazioa eginen dugu Iruñean.

Gaurko agerraldian, Irakaskuntza publikoko intersindikalak esplikatu du sindikatuek hilabete asko daramatzatela Hezkuntza Departamentuarekin negoziatu nahian, eta borondate onenarekin parte hartu izan dutela proposatu zaizkien lan talde guztietan, baina Departamentuaren erantzun eskasa ikusita, aho batez erabaki dutela mobilizazio egun bat deitzea sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren artean benetako negoziazio bat has dadin.

Irakaskuntza publikoko ikasle guztiek merezi duten arreta jasotzeko mobilizatzen gara irakasleok”, nabarmendu dute ordezkari sindikalek. “Hau da, Nafarroako gizarteari eskaintzen diogun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi dugu. Izan ere, inork zalantzan jartzen du ratioen jaitsierak, lan gainkarga arintzeak eta irakasle-plantilla egonkorragoak izateak mesede eginen dietela gure ikasleei eta hezkuntza komunitate osoari?”.

Iragan irailaren 6an erregistratu zuten sindikatuek greba deialdia ‒ekainaren 27ko prentsaurrekoan lanuztearen data aurreratua zuten, gainera‒, baina, ordutik, Hezkuntza Departamentuko zein Nafarroako Gobernuko inor ez da beraiekin kontaktuan jarri. “Horregatik, atzo erregistratu genuen Greba Batzordearen eta Maria Txibite lehendakariaren arteko bilera bat egiteko eskaera, eta benetako negoziazio baterako prest gaudela adierazi genuen”, informatu dute.

Egunotan, ordezkari sindikalak Nafarroa Garaiko ikastetxe publiko guztiak ari dira bisitatzen, dozenaka batzar eginez eta aldarrikapenak milaka irakaslerekin partekatuz. “Irakasleak aho batez ari dira aldarrikapenak babesten”, gaineratu dute. Era berean, bihar, irailak 19, arratsaldeko 17:30ean, batzarra eginen dute Iruñeko San Frantzisko eskolako areto nagusian, irakasle guztiei zuzenduta.

Irailaren 26an, Nafarroako Hezkuntza publikoak egun bizi duen egoeragatik duten ezinegona jarri nahi dute agerian irakasleek. Lanuzteaz landara, goizean mobilizazioak izanen dira Altsasun, Elizondon, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran, eta arratsaldean manifestazio bakarra eginen dute, Iruñean, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuta. Nafarroako gizarte osoari manifestazioan parte hartzeko deia egin diote.