Gaurkoa greba egun historikoa izatea espero genuen hezkuntza publikoan, eta hala izan dela baieztatu dezakegu.

Gaur gure jarduna gelditu dugun orok ongi ezagutzen dugu ikastetxeetako errealitatea zein den, eta Departamentuak kontatzen duenetik dexente urruntzen dela.

Gaurko leloak dioen bezala, gure txanda da, bada Nafarroako hezkuntza sistema publikoa erdigunean jarri eta benetako apostu bat egiteko garaia, irakasleen lan baldintzak hobetzeko garaia, ikastetxeak behar bezalako baliabidez hornitzekoa, aniztasunari merezi bezala erantzutekoa, azken finean, kalitatezko Hezkuntza sistema publiko baten alde borrokatzekoa.

Gizarteak entzun gaitu, familiak batu zaizkigu, batasun sindikala egon da eta milaka irakasle elkartu gara. Orain beste aldean daudenak gurera ekartzea falta zaigu. Gimeno jaunak, Chivite andereak eta Nafarroako Gobernuak badute zer hausnartu. Ozen eta argi esan dezakegu Nafarroako hezkuntza sistema publikoa lehenetsi eta benetako kalitateruntz bideari ekiteko unea dela.

Zorionak guztioi. Hau ez da hemen bukatzen, bihar ere lanean jarraituko dugu.