Aurreko ikasturtearen amaieran Haurreskolak Partzuergoko gerentea zen Elena Aizpuruk bere kargua utzi zuen, ikasturte amaierarekin batera eta bere lanak amaitu gabe. Egun batzuk gerente gabe egon ostean, azkenik gerente berria izendatu zen: Irune Muguruza.
Ikasturte berriaren hasierarekin batera bilera deialdia luzatu zigun, baina data gerturatu ahala atzeratzeko eskaera jaso genuen. Gai batzuk presazkoak genituela adieraziz, bilera data berri bat eskatu genuen eta atzo elkartu ginen berarekin.
Jarraian gerentearekin landutako gaiak eta Steilas sindikatuak egindako proposamenak daude:
Mahai negoziatzaileak berraktibatu: Hezkuntza sailaren dataren zain dagoela aipatu zigun.
Lan hitzarmen berriaren negoziazioa berrabiarazteko, egindako eskaerak kontutan hartzeko eta gure marra gorria izan den ratioen proposamena bertan behera uzteko eskatu genion.
Soldata igoera: uztailean %2ko igoera onartu zen, baina langileei aplikatzeko mahai negoziatzailea deitu behar da.
Ordezkapen telematikoa martxan jartzeko eskaera eta orain arte landutakoa berreskuratzeko eskaera egin genion.
Orain arte egindako ekarpenak ez dira aintzat hartu (aurreko gerenteak horrela baieztatu zigun arren) eta gaur egun ez dago ezer. Honen beharra aitortu du eta bere asmoa urtarrilerako Ordezkapen telematikoen aplikatiboa martxan jartzea da.
Haurren onartze araudiaren desagerpena:
Aurreko urteetan egindako eskaerak berretsi ditugu: familiek dituzten baldintzak desagertzea, ordutegiak moldatzea, arratsaldeko zerbitzua bertan behera uztea… Hausnarketa egitearen aldeko agertu zen.
Nominen aplikatibo berriarekin etorri diren arazoei buruz hitz egin genuen. Onartu zuen aplikatiboarekin arazo larriak egon direla, adibidez langile batzuk ez zuten soldata jaso.
Horrekin lotuta, 165 egun baino gehiago lan egiteagatik jasotzen den diru kopuruaren ordainketa atzeratuko dela dirudi. Hala ere, Haurreskolak Partzuergotik honi buruzko informazio guztiarekin mezu bat bidaliko dela baieztatu zuen eta honekin batera, dauden arazoak ahalik eta azkarren konpondu ahal izateko lanean jarraituko dutela azaldu zuen.
Kudeaketa langileen ordezkapen zerrendak eta baremazio deialdia: guztiz beharrezkoa da langile hauen egoera eguneratzea eta horretarako, baremazioa gauzatu behar da hezitzaileekin egiten den bezala. Aldi berean, kudeaketa zerbitzuan ordezkapenak betetzeko araudia egin behar da. Horiek gauzatzen hasteko konpromezua hartu du.
Hezitzaileen baremazioa urrian gauzatuko dela baieztatu zigun.
STEILASetik aspalditik egindako eskaeran berretsi ginen, arreta goiztiarreko teknikariaren irudia sortu behar da.
Jakitun da lan asko duela aurreko gerentziak utzitako gabeziak konpontzen, eta momentuz, elkarlanerako prestutasuna adierazi zigun, Haurreskolak Partzuergoak merezi duen aitortza emateko. Gauzak horrela, Steilas sindikatuan negoziazioa lehenbailehen aktibatzeko eta lan baldintza duinagoak lortzeko lanean jarraituko dugu.
Leave A Comment