Urte bat betetzera doa urriaren zazpitik, Palestinar erresistentziak iniziatiba hartu zuen egunetik, eta Israelgo estatu sionistak Palestinarren aurkako azken ofentsiba odoltsua abiarazi zuenetik. Palestinar herria hamarkada luzetan zehar pairatzen ari den zapalkuntza, menderakuntza eta desagerpena aurrera doala begi-bistan geratu da mundu osoan zehar, baina era berean, Palestinar herria ez dela garaitua izan eta erresistentzian tinko dirauela ere agerian geratu da.
Zuzenean emitituriko sarraskia ikusi dugu azken hilabeteotan: Gazako zerrendaren bonbardaketa sistematikoa, herritarren desplazamendu masiboa, Zisjordaniako lurretan okupazio kolonoen areagotzea, gosea eta egarria arma gisa erabiltzea, ospitaleak eta eskolak suntsitzea… Zenbaketa ofizialek 40.000 hildako zerrendatu dituzte, benetako kopurua zenbatekoa den, ordea, ez dago jakiterik. Estimazio batzuen arabera 200.000 izan daitezke eraildakoak.
Bitartean, palestinar erresistentzia terrorista gisa aurkeztu digute, hilketa indiskriminatuak justifikatuz, edo bi aldeen bortizkeria parekatuz, kasurik onenean. Aitzitik, Palestinar herriak hamarkada hauetan aurrera eramandako borrokarik gabe, desagerturik egongo litzateke seguruena. Herri orok du erresistentziarako eskubidea, are gehiago hamarkadetan zehar kanporatua, jazarria, gosez hiltzera behartzen denean, eta mendebalde inperialistaren interesak bermatzeko, era guztietako gobernuek, ezkerretik eskuinera, haien borreroa den Israelgo estatuarekin harreman normalizatuak dituztenean.
Genozidio hau ez litzateke posible izango mendebaldeko gobernu inperialisten babes politiko, ekonomiko eta militarrik gabe. Egunero ari gara ikusten gobernu eta alderdi politikoen posizioa zein den. Espainiar estatuaren kasuan, eskuineko alderdiek Israel eta bere ustezko defentsa eskubidea zuzenean babesten dituzte. PSOE buru duen gobernuak, aldiz, esku batekin Palestinaren aldeko mezu hutsalak egin arren, beste eskuarekin estatu sionista armaz hornitzen jarraitzen du. Frantziar estatuari dagokionez aldiz, entitate sionistari emandako babesaz gain, bereziki azpimarratzekoa da Palestinaren aldeko ekimen, mugimendu, adierazpen eta protestak erreprimitzeko izan duen jarrera.
Ez dago erdibideko posiziorik. Zapalkuntzarik gabeko Palestina askea eraikitzeko, eta preso eta errefuxiatu palestinarren askatasuna eskuratzeko, ezinbestekoa da Palestinaren deskolonizazioa eta estatu sionistaren desegitea. Palestinarren askatasuna eta proiektu sionista zeharo kontrajarriak dira, eta hortaz, bata defendatzeak bestearen aurka egitea suposatzen du, bai ala bai. Gauzak horrela, elkartasun eraginkor batek bi norabide izan behar ditu Euskal Herritik, eta, oro har, mendebaldeko herrietatik egitekoei dagokionez. Batetik, sionismoa eta bere konplizeak seinalatu eta konfrontatzea dagokigu, maila guztietan, hala nola, boikotaren bidez eta era guztietako harremanak moztea exijituz, izan harreman diplomatikoak zein komertzialak. Eta horrekin batera, Palestinaren askatasunaren aldeko borrokak palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea aldarrikatzea exijitzen digu, eta, hortaz, palestinar erresistentzia babestea, inolako ekidistantzairik gabe.
Azken asteotako berrien arabera, gatazkaren konponbidetik urrun, orain arteko norabideari jarraitu eta palestinarren zapalketan sakontzeko asmoa du estatu sionistak. Batetik, Gazako zerrendaren okupazio militarra mantentzeko asmoa adierazi du; horren adibide da armadako ofizial bat ezarri izana bertako gobernadore lanetan. Bestetik, Zisjordania okupatuan operazio militarrak areagotu ditu, bigarren intifada izan zenetik egin duen interbentzio handiena aurrera eramanez abuztuan zehar. Eta azken egunetan inpunitate osoz Libanon egiten ari diren erasoek argi erakusten dute sionistak ahalegina egiten ari direla genozidioa eskualdeko beste herrialdeetara hedatzeko.
Horregatik, palestinar herriaren askatasuna aldarrikatzen jarraitzea dagokigu, eta, bereziki, palestinar erresistentzia defendatzea. Aldarrikapen hau zabaltzeko helburuarekin manifestazio nazionala egingo dugu Urriaren 5ean Bilbon, Jesus Bihotzetik hasiko dena eguerdioko 12:00etan “Palestinar erresistentzia babestu, Israel eta bere konplizeei aurre egin” lelopean.
Leave A Comment