Atzo, STEILAS sindikatutik egindako eskaerari erantzuna emanez, ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailea gauzatu zen. Honako hauek izan ziren landutako gaiak:

  • Soldata igoera: Seguruenik, abenduko nominan aplikatuko digute, atzerapenekin batera. Ia bost hilabete beranduago jasotzeko arrazoiak Zuzendaritza Batzorde berriaren izendapena eta nominen aplikatibo berriarekin dauden arazoak izan dira. Egoera hau behin baino gehiagotan eman da Haurreskolak Partzuergoan eta mahaian argi esan genien ezin dela berriro ere errepikatu.

  • Lan Hitzarmena: Honen negoziazioari dagokionez, aurreko ikasturtean aurrera eramandako lanketan STEILASen eskaeretako bat onartu zuten: ratioen proposamena bertan behera uztea (https://lc.cx/oJHKhM). Hau da, eranskin hori Lan Hitzarmen berriko proposamenetik kenduko da. Hala ere, hainbat dira landu eta hobetu beharreko arloak.

    Proposamen berria helaraziko zaigu eta lanketa hau berrabiarazteko egutegia adostu genuen.

  • Ordezkapen telematikoen aplikatiboa: Lanean dihardute, eta horrekin batera, ordezkoen araudia negoziatu behar da. Hori aurrera eramateko egutegia ere adostu zen eta hasiera bateko asmoak aldatu dira: udaberrirako aplikatiboa probatzeko asmoa dute irailerako prest egon dadin, baina aurtengo ikasturtean zaila izango da martxan jartzea.

  • Hezitzaile ordezkogaien zerrendetan izena eman eta barematzeko/birbarematzeko egutegia: Deialdia urriaren 30ean argitaratuko da. Irailaren 30era arteko lan esperientzia hartuko da kontutan.

Baremazioaren gaia mahai gainean zegoenez, kudeaketa langileen baremazioa eta beraien zerrenden irekiera gauzatzeko eskaera luzatu genien eta hauen egonkortze prozesuaren garrantziaz ere aritu ginen. Nahiz eta gurekin ados egon, momentuz ezingo dute egin.

Horretaz gain, STEILAS sindikatutik hurrengo gaiak jarri genituen mahai gainean:

  • Aurreko apirilean sinatutako akordioen jarraipena egiten ari garela gogorarazi genien, legeak eta akordioak errespetatzen direla konfirmatzeko eta lanpostu duinen sorrera bermatzeko.

  • Irale eta PREST GARAko ikastaroetan haurreskolak partzuergoko langileok parte hartzeko aukera errealak izatea, behar dugun aitortza emanez.

  • Ekonomiatik jasotako emailaren harira, zuekin partekatutako Steilasen iritzia ezagutzera eman genien (https://lc.cx/Z4qxSq) .

  • Azken asteetan hezitzaileak kudeaketa langile batzuen partetik jasotzen ari diren baieztapenak eta lekuz kanpoko erantzunak salatu genituen. Bestalde, Eibarretik bidaltzen diren emailak izen abizenekin sinatzeko eskaerarekin bat egin genuen.

  • Gizarte Segurantzarekin egon diren arazo batzuei erantzuna eman zaie, baina gaur egun langile batzuen egoera ez da zuzendu. Horren jarraipena egin eta ahalik eta azkarren konpontzeko eskaera egin genien. Egoera horretan dauden langileak gurekin jar daitezke harremanetan lagundu ahal izateko.

Gauzak horrela, bilera nahiko emankorra izan zen. Alde batetik, pozik jaso genuen ratioen proposamena bertan behera uztea, baina ezin dugu ahaztu, gure lan hitzarmenean jasota ez dagoen proposamena dela eta administrazioak erabaki zuela hori eranskin moduan txertatzea, STEILASek eskatzen zituen ratioei muzin eginez. Proposamena bertan behera utzita, berriro ere hasiera puntuan gaude. Gainera, 16 urtez iraungita dagoen lan hitzarmena hobetzeko beharra dago eta ezinbestekoa da hainbat arloetan hobekuntzak egotea aurrera egin ahal izateko. Atzo argi utzi genuen pasa den ikasturtean egindako ekarpen gehiago bertan txertatuta ikusi nahi ditugula, besteak beste: bi hezitzaile jardun osoan gela bakoitzeko, urteko eta asteko lanaldia murriztea eta eros ahalmena berreskuratzea.

 

STEILAS sindikatuan duina den lan hitzarmen berri baten alde lanean eta borrokan jarraituko dugu!