Uztailetik negoziazioa etenda zegoenez eta ez gaudenez denbora galtzeko, urriaren 8an Hezkuntza Sailari gure eskaera eta ekarpenak berriro mahaigaineratu genizkion STEILASetik. Atzo, urriak 15, proposamen berri bat jaso genuen eta hauek dira STEILASetik egindako eskaeren artean aintzat hartu direnak.

Oporrak
• Zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko, hogeita bi egun balioduneko opor ordainduak hartzeko eskubidea izango da. Aurreko proposamenetan “Zerbitzuan emandako urte natural oso bakoitzeko” jasotzen zen eta STEILAStik interpretazio edo gaizki ulertuak ekidite aldera, natural hitza kentzea eskatu genuen.
• Aurreko zirriborroetan lanaldia uztailaren 31ra arte luzatzeak sortzen zituen beldurrak aintzat harturik, STEILAStik uztailean eskolara ez garela joango zehaztea eskatu genuen eta horrela jasoko da: Lanaldia irailaren 1etik uztailaren 31ra bitartean banatuko da, irakaskuntza aldia irailaren 1etik ekainaren 30era delarik.

Lanaldia
• Jardunaldi zatitua duten langileek eguerdian etenaldi bat izango dutenez eta bazkaltzeko denbora nolabait bermatuta, jardunaldi jarraituko langileek etenaldi bat egiteko aukera proposatu genuen eta honela txertatu da: Jardunaldi jarraia egiten dutenen kasuan, zentroaren beharrekiko bateragarria bada eta zuzendaritzaren oniritzia badauka, posible izango da 20 minutuko tartea izatea eta gero 20 minutu geroago amaitzea.

50.artikulua – Adingabeak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta odol-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideak zaintzeko baimena.
• Aurreko zirriborroetan baimena eten eta berriro hasteko edo ehunekoa aldatzeko muga eta baldintza batzuk ezarri ziren eta azken proposamen honetan gure eskaera txertatu dute jada; muga eta baldintza horiek kendu dira.

Zeinu Hizkuntzako Interpreteen aipamenak
• Hitzarmenean zehar kolektibo bat aipatzen denean Lanpostuen Zerrendan (RPT) jasota dagoen moduan egiten denez eta ez zerrendara sartzeko betekizun moduan eskatzen den titulazioen arabera, Zeinu Hizkuntza Interpreteen aipamen guztiak horrela egotea eskatu genuen. Hau da, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak aipatzen direnean, esaterako, ez dira Gizarte Integratzaileak edo HH-ko teknikariak aipatzen eta beraz, ZHIekin ere berdin jokatzea eskatu genuen. Hau horrela, hitzarmenean ez dira komunikazio bitartekariak aipatzen jada.

III.Eranskina – Hezkuntza Bereziko Lan-legepeko hezitzaileak ordezkatzeko araudia
• Zerrendan sartzeko baldintza orokorrak atalean eta titulazio akademikoari dagokionez:
• Zeinu-Hizkuntzaren arloko Itzulpen eta Interpretazioko diploma ez da txertatuko.
• Zeinu Hizkuntzako Gradua txertatu da.
• Zeinu Hizkuntzako Goi Mailako teknikari titulua txertatu da.
• Irakasle laboralen ordezkoei kontratu laborala egiten zaie eta kontratu horrekin egiten duten denbora ez zaie irakasle funtzionarioen udaren kobrantzarako kontuan hartzen. Gure eskaera aintzat hartuz, hemendik aurrera kontutan hartuko zaie denbora hori.

Poliki bada ere, ari gara urratsak ematen; lehen zirriborro haiek onartuz gero lortuko ez genukeena. Hala ere, badira oraindik aintzat hartu ez diren eta guretzat garrantzitsuak diren beste hainbat puntu ere.

Beraz, lan hitzarmena sinatzeko gehiengo sindikalaren sinadura ezinbestekoa dela jakitun izan arren, hitzarmen berriaren sinadura gure gainerako eskaerak kontuan hartzen diren eta nola hartzen direnaren arabera baldintzatuta egongo da. STEILASek borrokan jarraituko du azken momentura arte.