Urriaren 2an akordio partzial baterako proposamena helarazi zigun Hezkuntza Sailak. Bertan bi gai erabat ezberdin jorratzen dira:
1-Merezimendu-lehiaketatik eratorritako finkoek lan-kontratua 2025eko irailaren 1ean sinatzea.
2-Zeinu Hizkuntzako Interpreteen zerrendetan sartzeko betekizun gisa eskatzen diren titulazioetan Zeinu Hizkuntzako Gradua eta Zeinu Hizkuntzaren arloko Itzulpen eta Interpretazioko Diploma sartzea.
Meritu-lehiaketari dagokionez, 2024ko irailaren 1erako prozesua ez ebazteak ekar zitzazkeen ondorioak kontuan harturik (abendu aldera langile mugimendu handia ematea…) eta hauetaz ohartaraziz, hainbatetan egin genion sailari prozesua arintzeko eskaera. Sailak entzungor egin eta prozesua ebazteko epe legala muturrera arte luzatzea erabaki zuen. Hau horrela, STEILAStik ez gara egoera honen erantzule egingo.
Bigarren puntuari helduz, STEILASen azken urteetako eskaeretako bat hitzarmenean Zeinu Hizkuntzako Gradua txertatzea izan denez eta hitzarmenaren negoziazioa ez dugunez bukatutzat ematen oraindik, akordio partzialak alde batera utzi eta gradu hau hitzarmen berrian txertatzeko une egokia dela deritzogu.
Gainera, graduarekin batera, inongo hizkuntza mailarik bermatzen ez duen ZeinuHizkuntzaren arloko Itzulpen eta Interpretazioko Diploma ere txertatu nahi du sailak akordio partzial honen bidez.
Hau guztia esanik, STEILASek ez du akordio partzial hau babesten eta, sailari, meritulehiaketa berak egokien jotzen duen moduan ebatzi eta hitzarmenaren inguruan egin dizkiogun eskaera eta proposamenak aintzat har ditzala eskatzen diogu.
Leave A Comment