Asteak pasa dira Hezkuntza Sailaren taldea aldatu denetik, ikasturtea aurrera doa eta irakasleon beharrak asebetetzea premiazkoa da. Irakasleok lanez gainezka gaude, protokolo eta burokraziaz goraino eta gure esku jartzen diren tresna berriek lan karga igoera baino ez dute eragiten, horrek ikasleengan duen eragin zuzenarekin.

Bitartean, matrikulazio bizian datozen ikasleei arreta egokia eman ahal izateko eta indarrean dauden protokolo eta esku hartzeak aurrera eramateko baliabideak ez dira nahikoak.

Ikasturtea Hezkuntza Sailarekiko arreta urriarekin hasi dugu, eta Arartekoak Hezkuntza Sailari herritarren arretari buruzko araudi espezifiko bat gara dezan gomendatu dio. Hezkuntza Sailak pausoak ematen ari direla adierazi duen arren, ikusteko daukagu ea neurri aproposak diren, ikasturte batzuk daramatzagulako arazo honekin.

Erretiroari dagokionez, daukagun neurri bakarra irakastorduen murrizketa da, baina ordezkoa izatearekin baldintzatuta dago eta arrazoi horiengatik murrizketa asko ukatu egiten dira. Honekin batera, 63 urterekin aurre-erretiratzeko eskubidea dutenei ukatu egiten zaie murrizketa, nahiz eta diru galera handiak izan jubilazio prestazioan. STEILASen erretiroa hartzeko baldintzak hobetzeko eta aurreratzeko irtenbideak mahai gainean jarri ditugun arren, ez dugu Hezkuntza Sailaren aldetik inongo erantzunik jaso.

Ezin ahaztu ordezkoen udako baldintzen murrizketa, urtetik urtera egoera okerragoan baitaude. 165 egun lan eginda uztaila eta abuztuko kobrantza, kotizazioa eta puntuak berreskuratu behar dituzte, besteak beste.

Lizentzia eta baimenei erreparatuz gero, azkenaldian aplikatu zaizkigun hobekuntza bakanak Madrilen ezarri dituzte eta, beraz, hemen derrigorrez aplikatu beharrekoak dira. Gauzak horrela, Mahai Sektorialera gure aldarrikapenei erantzungo dieten edukiak ekartzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari: lan zama arintzeko, ordezkoen eskubideak hobetzeko, eros-ahalmena berreskuratzeko eta erretiroa hartzeko, besteak beste. Bestalde, premiazkoa dela uste dugu hedabideetan iragarritako EPEari buruzko informazioa sindikatuokin benetan dagokion mahaian negoziatzea.

Hezkuntza Sailak gure eskakizunei erantzun egokia epe motzean eman beharko die. Bitartean, etengabe joango gara aztertzen Hezkuntza Sailaren jarrera eta negoziazioaren bilakaera lan baldintza egokiak lortu arte.