Badira urte batzuk dagoeneko Haurreskolak Partzuergoa hainbat formakuntza saio desberdin eskaintzen hasi zenetik. Formakuntza saio hauetan hezitzaile guztiek hartzen
dute parte, orokorrean une horretan lanean diharduen orok.

Formakuntza saio hauen helburua haurreskoletako zerbitzuaren kalitatea hobetzea da, haurren zein familien beharrak, egoerak, eskaerak, … jaso eta ahalik eta erantzun
egokiena eman ahal izateko. Honekin batera, hezitzaile eta familien arteko harremanak zaintzea eta lantzea ere haurraren ongizate osoan ezinbesteko tresna izango da, haurra
bere osotasunean hartu eta ezagutu ahal izateko, hazkuntza eta hezkuntza integral osoa izan dadin. Bestalde, honekin batera, hezitzaileen trebakuntza eta profesionaltasuna
hobetzea ezinbestekoa izango da, baliabide pertsonalak hobetzearekin batera arreta ere onuragarriagoa izan dadin.
Haurraren garapen osoan arreta jartzeaz ari diren korronte eta ikuspegi pedagogikoak oso aberasgarriak dira zentzu askotan, bai lanerako eta baita norbanakoarentzat ere,
lanketa eta hausnarketa eraikitzaileak egiteko bideak irekitzen dituzte maiz. Baina bapatean hezitzaileak haurreskoletara iristen direnean, ikasitakoa eta hausnartutakoa
martxan jartzen hasten direnean, baliabide material aldetik hainbat mugekin egiten dute topo.

Haurreskolak Partzuergoak zehazki sei hornitzailerekin egiten du lan. Hezitzaileek bertan erosi behar dituzte beharrezkoak dituzten materialak, baina sarritan lanerako egokiak
izango liratekeenak ez dituzte han aurkitzen, formazioetan eta mintegietan landutako korronte eta pedagogiekin bat datozenak, alegia. Ondorioz, ez dute aukerarik hainbat
ordu eta saioetan ikasitakoak praktikan jartzeko eta norberaren aldetik materiala erosten saiatzen direnean mugak besterik ez dituzte izaten enpresaren aldetik, norberaren
poltsikotik ordaindu beharra, adibidez.

Hortaz, ikasitakoak praktikan jarri eta kalitatezko zerbitzu bat eskaini ahal izateko, aipatutako materiala lortzeko erraztasun handiagoak izatea eskatzen dugu. Formazioan
jasotakoarekin bat egingo duen eta hezitzailearentzat tresna onuragarriagoa izango den ikas materiala lortu ahal izateko, guztiontzat eskuragarria izango dena.