HEZKUNTZA PUBLIKOKO INTERSINDIKALAK ATSEKABEZ HARTU DU HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN PROPOSAMENA

Hezkuntza Departamentuak Mahai Sektorialean aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, sindikatuok atsekabea adierazi nahi diegu herritarrei, berriro ere galdutako aukera baten aurrean gaudelako.
Iraileko lehen greba-deialdiaren arrakastaren ondoren eta urriaren 29rako iragarri den bigarrenaren ondorioz, Departamentuak proposamen bat aurkeztera behartuta ikusi du bere burua, zoritxarrez, irakasleek eta hezkuntza-sistemak dituzten arazoak konpontzeko nahikoa ez dena.

Departamentuaren proposamenak dagoeneko aplikatzen ari diren eta, beraz, negoziazioan aurrerapenik ekarriko ez duten hainbat neurri jasotzen ditu. Ratioen jaitsiera txiki bat baino ez du egiten, gure eskaeretatik urrun, eta etapa bakar baterako, Haur Hezkuntzarako. Kanpo uzten ditu Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxillergoa eta Lanbide Heziketa.
Harrigarria da negoziatzen saiatzeko bilera batean eta greba-deialdi baten aurrean emandako erantzunean, gure kolektiboan egoera zaurgarrienean dauden pertsonen eskubideen aurkako neurriak proposatzea, 55 urtetik gorako irakasleentzat, hain zuzen ere. Langile horien lan-eskubideen murrizketa argi bat proposatzen da eta sindikatuok ez dugu inolaz ere onartuko.
Lan-gainkarga murrizteari dagokionez, Departamentuak karga burokratikora mugatzen du soilik, derrigorrezko prestakuntzak eta ezarritako beste zeregin batzuek irakasleentzat dakarten arazoa kontuan hartu gabe.

Azkenik, gainerako bi aldarrikapenei ere ez zaie inola ere heldu nahi izan: ez dago plantilla egonkortzeko eta erosteko ahalmena berreskuratzeko proposamenik.

Laburbilduz, proposamen horrek ez du indar sindikalek planteatutako arazoa konpontzeko behar den finantzaketa ematen, eta ez du egungo egoera batere hobetzen.

Hala ere, sindikatuok prestutasun osoa daukagu gure aldarrikapenak negoziatzeko, eta proposamen bat aurkeztu diogu Hezkuntza Departamentuari. Proposamen hori serio hartzea espero dugu, gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko.
1. Eskola, institutu, Lanbide Heziketakoko ikastetxe eta beste irakaskuntza batzuetako ikasle guztien arreta hobetuko duen ratioen jaitsiera lineal progresiboa, jarraipen-konpromisoarekin. Jaitsiera horiek aldi berean hasiko dira etapa bakoitzeko lehenengo mailan, 25/26 ikasturtean.
2. Irakasleen eskubideetan atzera egitea dakarren edozein proposamen baztertzea.
3. 2025eko irailaren 1erako lan-gainkarga murrizteko neurri eraginkorrak ezartzea.
4. Hezkuntza Departamentuari eta Funtzio Publikoari exijitzen diegu Mahai Orokorrera eraman dezatela osagarrien bidez eros ahalmena berreskuratzea ekarriko duen neurriren bat.

Beraz, eskua luzatzen diogu Hezkuntza Departamentuari, konpromiso hauen gainean lan eginez, akordio batera iristeko.

Iruñean, 2024ko urriaren 17an.