Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburu berriak egindako adierazpen ugariei erantzunez, Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legea ezarriko da aurtengo ikasturte hasieran, Legebiltzarrean EAJ eta PSEren babes bakarrarekin onartu zena. Ezarpen horrek berekin ekarriko du agindu eta dekretu berriak aplikatzea, lege berriak “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko” gisa definitzen duena arautzeko.
Egia esan, onartu baino askoz ere lehenagotik ezarri du aurreko Hezkuntza Sailak Lege hori, aldebakarrez; jakina, jendartearen zati handi batek, sindikatu guztiek eta hezkuntza-eragile askok gaitzetsi egin dugu pribatizatzailea izateagatik. Itunpeko eskola pribatuari eskola publikoaren aldean abantaila berriak emateko Agindu eta Dekretuen aldebakarreko argitalpena etengabekoa izan da. Horren erakusgarri da 2022an 2023/2024 ikasturtetik indarrean dauden zenbait agindu onartu izana.
Alde batetik, hezkuntza-itunen Agindua, ikasgelak ituntzeko gutxieneko ikasleak 18tik 13ra murriztu zituena. Bestetik, ikasleak eskolatzeko ohiko prozesutik kanpo onartzeko eta eskolatzeko Aginduak, ikasle “zaurgarriak” eskola publikotik itunpeko eskolara bideratzeko irizpideak ezartzen dituztenak. Aipatzekoa ere Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontuen Legea aldatzeko uztailaren 24an hasitako prozesua, itunpeko sareari 68 milioi gehiago emango dizkiona.
Argi dago lege berriak eta haren aitzindariek euskal hezkuntza-sistema pribatizatu nahi dutela, itunpeko ikastetxeei eskola publikoaren berezko erantzukizunak, baliabideak, eskubideak eta betebeharrak emanez.
Hori gutxi balitz bezala, euskal eskola publikoaren funtzionamenduan sektore pribatuaren arauak, balioak eta logikak sartu nahi dituzte. Helburua ez da soilik bi sareak berdintzea, baizik eta merkataritza-printzipioetan oinarritutako hezkuntza-sistema bat sortzea, eskola publikoetan enpresa-funtzionamendua ezarriko duena. Hezkuntza sailburuak adierazi berri duenez, Hezkuntza Saila lanean ari da “Ikastetxeen Autonomia Dekretua” ezartzeko, zuzendaritzek beren proiektu pedagogikoaren arabera behar duten profesionalaren profila proposatu eta erabaki ahal izan dezaten. Bestela esanda, euskal eskola publikoa eredu demokratiko eta kolaboratiboa izatetik eredu gerentzial eta meritokratikoa izatera pasako da.
Euskal hezkuntza-sistemak aukera-berdintasuna eta gure ikasleen euskalduntzea eta inklusioa bermatzeko behar dituen formulak ez datoz bat planteatzen zaizkigunekin. Sailburu berriak euskal eskola publikoarentzako plan estrategiko bat laster abiaraziko dela aipatu zuen orain egun batzuk. Hori al da aipatu zuen plana? Gure ustez, plana aspalditik dago martxan, eta helburuak ez daude esaten dutenera bideratuta, oso bestelako zerbaitera baizik.
Eufemismorik gabe, Euskal Eskola Publikoari lehentasuna ematea, ikastetxeen elkarlaneko funtzionamendu demokratikoa bermatzea eta langileen baliabideak eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea dira Hezkuntza Saila alde batera uzten ari den eta berriz aztertu beharko lituzkeen zutabe ukaezinak.
Leave A Comment