Gaurko Mahai Sektorialean mobilizazioen indarra argi geratu da. Nafar Gobernua behartu dugu aurrera pausu txiki batzuk ematera, ez baina, guk nahiko genituzkeen guztiak. Izan ere, ezin dugu onartu eskaintzen artean murrizketarik egotea eta inolako zehaztapenik gabeko neurriak mahai gainean jartzea. Gainera, planteamendu batzuk anbiguoegiak dira eta zehaztasun falta dute. Negoziatzeko prest jarraitzen dugu, baina mobilizazioekin jarraitu behar dugu gure aldarrikapenak lortzeko bidean aurrera egiteko.

Aurreko proposamena zeozer hobetzen duten neurriak:
1. Ratioak: Lehen Hezkuntzako 1. mailan ere 23ra jaisteko proposamena (orain, hiru urteko hobekuntza planen mende egongo litzateke, ustez “ikaskuntza hobetzeko” baldintzarekin)
2. Derrigorrezko prestakuntza orduak urtean 25 ordura jaistea (2 ikasturteko malgutasunez).
3. Ikastetxe zaurgarrien 1.000 orduko indartzearen finkatzea eta ratioa 20ra jaistea zentro horietan (Hala ere, oraindik ez da ongi ebaluatu ikastetxeen konplexutasuna.)

Sindikatuentzat neurri onartezinak:
1. Ratioak:
• Ratioaren jaitsiera ez zabaltzea etapa guztietan.
• Ikasle errepikatzaileak haintzat ez izatea gelako ratioa kalkulatzean ( % 10 matrikula bizia denean eta errepikatzen dutenak ez badira kontuan hartzen, ratioak 25 edo gehiagokoak izan litezke zenbaitetan).
• Ratioaren jaitsiera hezkuntza eraginkortasuneko planen mende geratzea.
2. Erosahalmena: Ez dago proposamenik aldarrikapen honetarako.
3. Egonkortzea: Ez dago proposamenik aldarrikapen honetarako.
4. Lan gainzama:
• Ez dago aurrerapenik arlo honetan.
• Arintze burokratikorako ustezko neurri batzuk (LOMLOE gaitasunen araberako ebaluazioa) eta Lanbide Heziketa Dualaren ebaluazioa baino ez dira proposatzen, eta irakasleentzat gainkarga handiagoa ere izan liteke.
5. 55 urtetik gorakoetan murrizketari eustea:
• Murrizketak mantendu egin dira 55 urtetik gorako langileen artean, eta murrizketa arindu egin da soilik 58 urtetik gorakoen artean.
6. Itunaren indarraldia:
• 2028ko abuztuaren 31ra arte soilik. (kontutan hartu orain dugun 2018ko itunak ez duela iraungitze datarik)