Atzo, urriak 22, Lan-legepeko irakasle eta hezitzaileen Mahai Parekidea eta Mahai Negoziatzailea izan genituen Lakuan.
Mahai Parekideari dagokionez, aipatu ziguten Gizarte eta Formakuntza funtsen onartu eta ezeztatuen zerrendak gaur, urriak 23, argitaratuko dituztela Hezigunean eta erreklamazio epea urriaren 23tik 30era arte egongo dela zabalik.
Era berean, aipatu, STEILAStik hainbatetan egin dugun eskaera berretsi genuela eta, gure sorpresarako, Lan-legepeko irakasleak jada irakasle funtzionarioen Gizarte Funtsean barnebilduta daudela adierazi zitzaigula.
Mahai Negoziatzaileari dagokionez, Lan Hitzarmenaren inguruan jardun ginen baina berri gutxi dugu. Izan ere, aurreko astean azken zirriborroari ekarpenak egin bagenizkion ere, Hezkuntza Sailak ez zigun proposamen berririk aurkeztu eta orain arteko ekarpenak berretsi baino ez genituen egin eta, beste behin ere, idatziz bidaltzeko eskatu ziguten.
Nahiz eta mahaian bertan proposamen batzuk onartuko zituztela esan zitzaigun, badakigu hitzak haizeak eraman ohi dituela eta beraz, benetan zer txertatzen den ikusi beharko dugu. Adierazi zigutenaren arabera, sailaren asmoa, egingo ditgun azken ekarpenak begiratu, baloratu eta ostiral honetarako (urriak 25) behin betiko proposamena helaraztea da. Horrela, azken dokumentua aztertu eta datorren astean sinatuko dugun ala ez adierazteko bilduko ginateke.
Merezimendu-lehiaketa ri dagokionez, behin-behineko ebazpena eta plazen zerrenda urriaren azken astean argitaratuko dituztela jakinarazi ziguten.
Era berean, egonkortuko diren langileek kontratua abenduan sinatu eta ondorio guztietarako 2024ko abendutik kontatzen hastea da asmoa, baina ez lekuz aldatzea. Hau da, lanpostuz, 2025eko irailean aldatuko lirateke. Dena den, jakin, saila proposamen zehatzago bat egitekotan geratu zela eta beraz, informazio hau behin-behinekoa dela.
Leave A Comment