Joan den ikasturtean, 14 greba egunen ondoren, sare pribatu itunduan akordio batera iristea lortu zen, zeinaren bitartez sare pribatuko langileen lansaria %16ean igoko zen. 2020tik egiteke zegoen KPIaren eguneraketa lortu zen horrela, euren erosahalmena mantenduz.
STEILASetik mobilizazio horien parte izan ginen, eta harro gaude langileen lan-baldintzak hobetu izanaz, hori baita gure zeregina eta ardura. Baina argi utzi behar dugu akordio horren bitartez ez genuela ekiparaziorik sinatu. Zehazki saihestu genuen kontzeptu hori, guretzat hezkuntzako sare publikoa eta pribatua berdintzeko tresna bat litzatekeelako. Gure ustetan, bi sareetako langileen lan-baldintzak ekiparatzea pribatizatzeko beste modu bat da. STEILASen apustua beti izan da hezkuntza sistema publifikatzea eta, horrekin batera, sare pribatuko langileak ere. Ez, ordea, ekiparatzea titulartasuna mantenduz. Hori horrela, behin eta berriro saiatu ginen langileen publifikazioaren aldarria txertatzen mobilizazioetan, baina ez genuen babes sindikalik lortu.
Administrazio publikoko langileen lan-baldintzak erreferentziazkoak izan behar dira beti, edozein eremuetan, eta bereziki hezkuntzan eta gure herrian, non sistema dual segregatzaile bat dugun inposatuta. Ez dezagun ahaztu langile publikoen lan-baldintza duinak ziurtatzea ezinbestekoa dela hein handi batean zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko. Edonola, ez gaitu harritzen Hezkuntza Sailak soldata igoera hau gauzatu izanak, hain zuzen ere, titulartasun desberdineko bi sareak maila berdinean jartzen dituen lege bat diseinatu duenean.
Eskola Publikoko irakasleen lan-baldintzak hobetuko dituen lan hitzarmen bat negoziatzen egon gara bereziki azken urtean. Darabilgun negoziaketa horretan, hiru aldarrikapen hauek izan ditugu ardatz: jubilazioa aurreratzea, lan zama jaistea eta kendutako erosahalmena berreskuratzea. Askotan jakinarazi dugun bezala, Hezkuntza Sailak hiru eremu horietan eduki errealak jartzeko borondate falta izan du gaur arte. Errealitate horren aurrean, maiz saiatu gara batasun sindikala bilatzen mobilizazioak abiarazteko, negoziaketan eragin ahal izateko. Zoritxarrez, umezurtz utzi dute berriro ere sare publikoa, ez baitugu batasun sindikalik topatu gure sektoreko mobilizazioak bideratzeko, beste borroka batzuk lehenetsi dira eta.
Edonola, ulertzen dugu egun sare pribatukoak merezi zuten igoera lortu ondoren, ezin ukatuko dela 2009tik galdu dugun %20ko erosahalmena berreskuratzea dagokigula sare publikoko langileei. Guk, gure aldetik, horren alde borrokatzen jarraituko dugu, espero dugu azken egunetan hainbeste aztoratu diren eragile eta norbanakoak gure borrokaren parte izatea.
NOIZKO ASTE BETEKO GREBA???