Asteak aurrera doaz, baina Hezkuntza Sailak ez du inongo asmorik adierazi gure aldarrikapenei erantzungo dien proposamenik egiteko.

Akordio partzial baten proposamena jaso dugu, baina kezkaz hartu dugu berria, berriro ere arazoak bere osotasunean landu eta negoziatu beharrean, erabat hankamotz gelditzen den proposamen partzial bat delako. Hezkuntza Sailak irakasleok azken aldian pairatu ditugun hainbat atzerapauso betikotu nahi ditu proposamen honekin.

Jasotako proposamenak gure aldarrikapenei erantzun gabe jarraitzen du: erretiratze adina aurreratzea, lan-zama arintzea, eros-ahalmena berreskuratzea eta ordezkoen baldintzak hobetzea, lanpostu publikoak ez suntsitzea, lanosasuna zaintzea…

Bitartean eskola publikoen arteko fusioak prestatzen dabil Hezkuntza Saila, hau da, zonifikazio berdinean eskola pribatuak finantzatzen dituzten bitartean, eskola publikoak itxiko dira ikaspostu eta lanpostu publikoak suntsituz.

Beraz STEILASek ez du akordio partzial hau egokitzat hartzen eta lanean jarraituko dugu ganorazko edukiak mahai gainean izateko eta langileentzat hobekuntzak ekartzen dituen lan akordio berri bat lortu arte. Aldi berean, batasun sindikala bilatzen jarraituko dugu Hezkuntza Sailak langileen baldintzak hobetuko dituzten neurriak mahai gainean jar ditzan eta hori lortzeko eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu.