Gaur, azaroak 9, 2024-2025 ikasturteko lehenengo Kontseilu Nazionala egin dugu Donostian. Goizeko 10:00etan eman diogu hasiera; goizeko lehen saioan sindikatuko organoak berretsi ditugu (Idazkaritza nazionala, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 21 kidez osatutako batzordea). Ondoren, Hezkuntza ez dago salgai izeneko hitzaldia jaso dugu, Juan Zubiaren eskutik. Horrek bide eman digu matrikulazioaz, doakotasunaz eta finantzazioaz eztabaidatzeko.

Atsedenaldi txiki baten ostean, lurralde eta sektore ezberdinetako negoziazio kolektiboaren gaineko hausnarketa egin dugu. Lehenik eta behin, Nafarroako hezkuntza publikoko egoera aztertu dugu, izan ere, dagoeneko bi greba egin dituzte ikasturte honetan, eta ez dute baztertu beste bat deitzeko aukera. EAEari dagokionez, irakasleen sektorean akordio partzial baten proposamena jaso dugu, baina ez dugu egokitzat hartu, erabat hankamotz gelditzen delako. Hezkuntza bereziko hezitzaileen sektorean sindikatu guztiok eman diogu ezezkoa hitzarmen proposamenari, STEILASen kasuan, guretzat ezinbestekoak diren hainbat puntu txertatu gabe daudelako. Eta Haurreskolak Partzuergoko sektoreari dagokionez, 16 urtez iraungita dagoen lan hitzarmena hobetzeko beharra ikusten dugu, eta bereziki garrantzitsua ikusten dugu bertan txertatuta azaltzea urteko eta asteko lanaldia murriztu eta eros ahalmena berreskuratzea, eta gela bakoitzeko bi hezitzaile behar direla jardun osoan.

Amaitzeko, ordu erdiko hitz txanda egin, eta argazki jendetsua atera dugu, benetako negoziazioa aldarrikatuz.