Gaur sinatuko den dokumentuak ez ditu irakasleon aldarrikapenak inolaz ere asebetetzen. Ratioen jaitsiera ez da hezkuntza etapa guztietan emango eta urrun geratzen da sindikatuok planteatutako proposamenetik. Bestelako neurri asko asmo hutsa besterik ez dira, epeak eta finantzazioa zehaztu gabe geratzen delako. Era berean, eros ahalmenaren inguruan inolako aipamenik ez du aintzat hartzen dokumentuak.

Modu berean, oso larria iruditzen zaigu Gimenok eta Hezkuntza Departamentuak egindako mehatxua eta ultimatuma. Ez dugu onartuko hurrengo ikasturtean indarrean jarriko diren neurriak balizko Itun baten sinatzearekin lotzea. Gimenok 5 urte luze izan ditu sindikatuekin negoziatzeko eta orain, mobilizazioak bultzatuta irekitako negoziazio prozesua korrika eta presaka eta eskaintza lotsagarri batekin itxi nahi du. Irakasleon ahotsa ezin da horrela isilarazi. Sindikatuen gehiengoaren borondatea errespetatzen ez duen akordioa antidemokratikoa da, gutxiengoaren nahiak besterik ez dituelako jasotzen..

Horregatik guztiagatik, hemen bildu garen sindikatuok akordio honi erantzuna eman nahi diogu eta gure aldarrikapenak negoziatzen jarraitzeko berriz ere mobilizatuko gara. Abenduaren 19an, Parlamentuan aurrekontuak onetsiko diren egun berean, arratsaldeko 18:00etan kontzentrazioa deituko dugu. Era berean, urtarrilaren 30ean irakaskuntza publikoko irakaslegoa greba egunera deitzen dugu, xantaiarik ezta ultimatumik ez dugulako onartuko ozen aldarrikatzeko eta benetako negoziazio prozesua bultzatzeko.