Joxerra Bengoetxea izango da UPV/EHUko errektorea datozen sei urteetan, Eva Ferreira errektoreari alde handiarekin gailendu ondoren.
Zenbakiek ez dute iruzkin handirik behar. Azpimarratu behar da parte-hartzea nabarmen handitu dela 2020ko hauteskundeekin alderatuta. Igoera hori bereziki garrantzitsua da ikasleen artean, baina esanguratsua da ere doktore diren irakasle eta ikertzaile iraunkorren eta irakasle ez diren langileen artean.
STEILASek errektore berria eta bere taldea zoriontzen ditu, eta zorte osoa opa diegu unibertsitate honek behar dituen aldaketak aurrera eraman ahal izan ditzaten, horietako batzuk premiazkoak. Bereziki eskatzen dugu premiaz arreta kolektiborik prekarioenetan jar dezatela, hala nola langile ez-egonkorretan eta erakunde honetako soldata ezduinak dituztenetan.
UPV/EHUk ere premiaz behar du finantzaketa handitzea, aurkezten zaizkion erronkei aurre egiteko, bai eta inbertsio-plan bat ere, azpiegitura askok okerrera egin baitute. Unibertsitateko irakaskuntza publikoa etengabeko erasoak eta higadurak jasotzen ari den une honetan, ez dugu zalantzarik errektore berriak eta bere taldeak irakaskuntza publikoarekin duten konpromisoaz.
STEILASek jarraipen estua egingo dio bere gobernu-lanari. Partekatzen ditugun erabaki guztiak babestuko ditugu, baina, beharrezkoa denean, irmo kritikatu eta aurka egingo dugu, beti egin dugun bezala.
Leave A Comment