GAA sinatu eta ia 10 hilabete beranduago patronalek akordioa bete gabe jarraitzen dute. EAEANk epaia eman zuenetik ia hilabete igaro da eta patronalek epaia bete gabe jarraitzen dute.

GAA hitzarmen berrian txertatzea blokeatzen dihardute.

Ia 10 hilabete igaro dira GAA sinatu zenetik, eta patronalek bete gabe jarraitzen dute. GAA sinatu zuten, ez zutela beteko jakinda ere. Horri fede txarrez jokatzea deitzen zaio. Duela hilabete, auzitegietara jo genuen sindikatuok eta legeak arrazoia eman zigun, sententziak argudiatu zuen langileon soldata ez dagoela finantzaketari lotuta, eta, beraz, soldatak eguneratu behar zituztela, baita akordioa sinatu zenetik zor zutena ordaindu ere. Beraz, 2024ko otsailaren 5era arteko atzerapenak abenduaren 31a baino lehen ordaindu beharko lituzkete.

Epaia eman zenetik ia hilabete igaro da, eta patronalek ez dituzte soldata-taulak adostu nahi, ez eta GAAn adostutakoa hitzarmen berrian txertatu nahi ere. Horretarako, ez dute negoziazio mahaia deitzen, eta sindikatuok egiten dugunean, atzeratu besterik ez dute egiten.

Gainera, negoziazio-mahaian sindikatuekin adostu gabe eta aldebakarrez egindako taula batzuen arabera lansariak eguneratzen hastea erabaki dute patronalek. Hori dela eta, baliteke azaroko nominetan “Ajuste a cuenta convenio 24” kontzeptua agertzea. Hori guztia gutxi balitz, Kristau Eskolak ikastetxeei GAAn adostutako abenduaren 31 baino beranduago ordaindu ahal izateko ordezkari sindikalekin beste data batzuk adosteko aukera eman die.

STEILASetik argi dugu negozioazio mahaian ez dugula atzerapenak beranduago ordaintzeko inongo proposamenik onartuko eta lanean jarraituko dugu Gizarte Ekimeneko milaka langileren 14 greba egunekin lortutako eskubide guzti-guztiak bermatuta jarrai dezaten. Aldi berean salatzen dugu patronalen errespetu falta Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako langile guztiekiko.