Bi eskola publiko bat egitea ez da kasualitatearen emaitza, aplikatutako hezkuntza-politika pribatizatzaileen ondorio zuzena baizik, horietako bat ixtea baitakar bi eskola fusionatzeak.

2000ko hamarkadan, azterlan demografikoek adierazten zuten Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotza-tasak behera egin zuela. EUSTATen datuen arabera, 2012an 21.326 jaiotza izatetik, 2022an 14.240 izatera igaro da. Hau da, jaiotza-tasa % 33,2 jaitsi da hamarkada bakar batean. Aurreikusten zen bezala, eta jaiotza-tasaren beherakada horrekin batera, EAEn erroldatutako jatorri migratzailea duen biztanleria 70.000 pertsonatik (biztanleria osoaren % 3 baino ez) 275.000 pertsonara (biztanleria osoaren % 12,4) igaro da azken bi hamarkadetan.

Jakina, EAEko biztanleriaren osaeran izandako aldaketa sakon horiek gizarte- eta hezkuntza-politika berriak eskatuko zituztela agerikoa zen. Zehazki, aipatutako bigarrenen inguruan hartu diren erabakiak azalduko ditugu ondorengo lerroetan.

Egia esan, aurreikuspen horiek aukera-leiho bat ireki zuten EAEko hezkuntza-sistema dualaren arazo nagusiak konpontzeko: eskola-segregazioa eta euskalduntze eskasa.

Errealitatea bestelakoa da, ordea. Klase politikoak betikotu egin ditu euskal hezkuntza-sistemaren arazoak, egiturazko konponbideak eman beharrean. Adibide nabarmenena da 2023ko abenduan hezkuntza-lege bat garatu eta onartu zela, abiapuntu gisa Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa deiturikoa ezarri zuena; ibilbide-orri horrek sare pribatuaren alde egiten du, eta kalte handia egiten die hezkuntza publikoari, euskarari eta gizarte-kohesioari. Hezkuntza publikoa eta pribatua berdintzeko alferrikako ahalegina da, eta eskubide berberak ematen zaizkie, ustez betebehar berberak bete ditzaten.

Aldi berean, Hezkuntza Sailak alde bakarretik onartu ditu sare pribatuaren aldeko dekretuak eta neurriak. Hona hemen adibide batzuk:

  • 2022/2028 Hezkuntza-itunei buruzko Dekretua, gela osatzeko eta modulu ekonomikoa jasotzeko gutxieneko ikasle-kopurua 17tik 13ra jaisten duena.

  • 2023/2024 ikasturtetik 2 urteko gelak ituntzea, sare pribatu itunduan sartzeko doakotasun faltsua sortuz.

  • 2023/2024 ikasturterako onarpen-prozesuan “zaurgarritasun-indizea” aplikatzea, ikasleak artifizialki sare pribatutik publikora desbideratuz.

  • Itunpeko irakaskuntzaren moduluak % 16 handitzea 2020tik 2024ra.

  • 2024ko Aurrekontuen Legea aldatzea, itunpeko irakaskuntzako patronalei 67 milioi gehitzeko.

Aurreko guztiaren ondorioz, 2025/2026 matrikulazio-prozesura iritsi gara, EAEko ikastetxe publikoak “bat egiteko” planteamenduekin. Esan bezala, bi eskola publiko batzea ez da kasualitatearen emaitza, baizik eta aplikatutako hezkuntza-politika pribatizatzaileen ondorio zuzena, eta eskola bat ixtea dakar, ezinbestean.

Hezkuntza Sailari eskatzen diogu behar diren neurriak har ditzala, euskal eskola publikoa kaltetzen duen inertzia pribatizatzaile hori gelditu eta datorren ikasturterako eskola publikoetan egon daitezkeen plaza guztiak eskaintzeko. Aldi berean, beharrezkoak ez diren plaza itunduen eskaintza mugatzeko aldarrikatzen diogu. STEILASetik borrokan jarraituko dugu hala izan dadin eta euskal hezkuntza-sistema sare bakarra, publikoa eta euskalduna izan dadin.

Kaltea, bestalde, eginda dago, eta agerikoa da. Hezkuntza Sailak hezkuntza-zentroak fusionatzea proposatzen du, horretarako, eskola publikoak itxiz. Nolanahi ere, prozesu horrek ez luke zertan lanpostu publiko edo ikasposturen galera ekarri. Hortaz, egingo balitz, egin dadila hezkuntza-komunitatearen adostasunarekin, eta gizarte-kohesioaren, euskararen, inklusioaren eta euskal eskola publikoaren alde.