Abenduaren 31 heltzear dago, eta, beraz, ikastetxeek 22, 23 eta 24ko atzerapen guztiak ordaindu behar dituzte. Zenbat eta noiz ordaindu behar didate? Zer alde dago ordainduko digutenaren eta GAAn sinatu dugunaren artean? Nola jakin dezaket ondo ordaindu didaten? Berandu edo gaizki ordaintzen badidate, erreklamatu dezaket? Nola?
Zor diren atzerapen guztiak abenduaren 31 baino lehen ordaindu behar dira, GAAn sinatu genuen bezala. GAAn sinatutako soldata-igoeraren ehunekoei jarraituz, Excel bat sortu dugu, une honetan zure soldata zein den jakin dezazun eta 22an, 23an eta 24an guztira zenbat kobratu behar zenuen jakiteko. Excelarekin batera, dokumentu bat erantsi dugu, “Nola erabili kalkulagailua” izenekoa. Bertan, behar bezala erabiltzeko jarraitu beharreko urratsak adierazten ditugu. Ordaindu digutena eta kobratu beharko genukeena alderatu ondoren, gerta liteke kopuruak bat ez etortzea, ikastetxeek GAAn sinatutakoarekin bat ez datozen patronalen soldata-taulak erabili baitituzte.
Hona hemen desberdintasunak:
• Ehunekoak ez datoz bat.
• Ez dituzte igoerak aplikatzen tutoretza-plusean.
• Dietetan eta kilometrajean ez dituzte igoerak aplikatzen.
• TEJIei ez dizkiete igoerak aplikatzen, 22ko urtarriletik 23ko abuztura bitartean.
• DBHn, Batxilergoan eta LHn, aplikatutako guztizko igoera ez da % 16koa, % 15,43koa baizik, eta 225 €-ko ordainsari puntualarekin konpentsatzen dute, 25eko urtarriletik aurrera kenduko dutena.
Eskatu beharreko 3 egoera irregular izan ditzakegu:
1) GAA ez betetzeagatiko gatazka kolektiboa:
• DBH, Batxilergo eta LHko soldata-igoeren ehunekoak.
• Tutoretza-plusaren, dieten eta kilometrajearen gehikuntzak ez aplikatzea.
2) Berandutze-interesa>> 2022, 23 eta 24ko atzerapen guztiak abenduaren 31 baino lehen ordaintzen ez badizkizute. Erreklamazio indibidualak izango lirateke, eta ikastetxeka bateratzen ahaleginduko ginateke nor bere sindikatuarekin.
3) Zenbatekoak erreklamatzea>> 2022, 23 eta/edo 24ko atzerapenak ondo ordaindu ez badizkizute.
Honekin batera beste dokumentu bat erantsi dugu, jakin dezazun zer urrats egin behar dituzun erreklamazio bat egin nahi izanez gero: “Jarraitu beharreko urratsak”. Zalantzarik izanez gero, joan zaitez zure ikastetxeko STEILASeko langileen ordezkariarengana, eta, egon ezean, jar zaitez gurekin harremanetan. Milaka langilek egindako 14 greba egunei esker, GAA lortu genuen, eta ez diegu
lortutako onurei uko egingo. Orain bide juridikotik defendatzea dagokigu, honetarako STEILASen babesa izango duzu.
Leave A Comment