Gaur, 2025eko abenduaren 19an, Mahai Negoziatzailea izan dugu Lakuan eta STEILASek lanlegepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria sinatu du, gehiengo sindikalaren babesarekin.

Hainbatetan aipatu dugun moduan, Hezkuntza Sailak egin zigun lehen proposamenak eduki interesgarriak jasotzen bazituen ere, STEILASetik babesik ez emateko moduko atzerapauso eta galera ugari ere ikusten genituen.

Beraz, azken urteko gure borroka, hobekuntzak lortzeaz gain, mahai gainean genituen galera eta atzerapausoak deuseztea izan da. Eta, jakin, atzerapauso horietako batzuk kentzea negoziazioaren azken egunetaraino luzatu dela; lehenengo berme klausula mantentzea edo 50. artikuluan ezarii nahi zizkiguten mugak kentzea, esaterako.

Honetaz gain, kontuan hartu behar dira kolektibo desberdinak, adina, generoa, kontratazio mota… bakoitza bere ezaugarriekin, eta horrekin guztiarekin asmatzea zaila da; pertsona batzuentzat garrantzitsua dena, beste batzuentzat ez da hala izango eta batzuentzat hobekuntza handia dena, agian beste batzuentzat ez.

STEILASetik gure ahalegin guztiak egin ditugu ahalik eta langile gehien asetze aldera eta gure helburuetako bat, behintzat, galerarik ez izatea izan da. Nahiz eta jakitun garen, langile guztiak aseko dituen hitzarmen bat lortzea oso zaila dela.

Hezkuntza Sailaren borondateak noraino ematen zuen ikusirik, mahai gainean genuena balantzan jarri eta aukera galtzen uzteak izan ditzakeen arriskuak kontuan hartuta, erabaki bat hartu behar izan dugu.

Gaur, hitzarmena sinatu dugu, baina, argi utzi nahiko genuke, proposamen honek gure hasiera bateko nahiak ez dituela guztiz asetzen. Izan ere, dauden hobekuntzak ez dira ez kolektibo guztientzat ezta proportzio berekoak ere, gai batzuk negoziatzeke geratzen dira eta puntu batzuk hobetu gabe daude.

Beraz, nahiz eta gauza batzuk lortu ditugun, gure lana ez da hemen bukatzen. STEILASetik gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu negoziazio horiek eman daitezen, sailak bere konpromisoak bete ditzan eta etorkizunera begira, lorpen gehiago eman daitezen.

Borrokan jarraituko dugu!