Atzo Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan genuen. Bertan lan hitzarmenaren negoziazioarekin jarraitu eta administrazioak bidalitako azken proposamena aztertu genuen.

Aurreko Lan hitzarmenaren zirriborroarekin konparatuz, oraingo proposamenean onura batzuk txertatu dituzte. Hala nola, esanguratsuenak:

  • Urteko lan ordu kopurua murriztuko litzateke: 1570 ordutatik 1470 ordutara. Eguneko jarduna ere ordu laurden batean murriztuko litzateke 6 ordu arreta zuzenerako izango lirateke eta 45 minutu prestakuntzarako.
  • Egutegian aldaketak proposatzen dituzte; haurreskolak 200 egun zabalik egongo lirateke (haurrentzat 196 egun).
  • Lizentzia eta baimen berri batzuk txertatu dituzte eta beste batzuk, eguneratu. Hala nola, urte sabatikoa eta norberaren gaixotasunagatik lanaldi murrizketa.

Hala ere, atzerapausu batzuk ere badaude:

  • Aurrekoetan aipatutako txanda egunen galera.
  • Ordezkoen udako puntuazioa galtzea (neurri onuragarria).

Gauzak horrela, eta proposamen berria positiboki hartu arren, STEILAS sindikatuarentzat ez da nahikoa. Greba dinamika bat deitzera eraman gaituzten eskaera nagusiak txertatuta ez baitaude. Hurrengoak, administrazioari egin dizkiogun eskaerak dira, gure aldarrikapenak asetu asmoz eta era berean lan hitzarmenak sindikatuaren babesa izan dezan:

  • Ratioei dagokienez: eguneko lan zama arintzeko neurriak ez dituzte proposatu. Ratioak ikasturteko hirugarren hiruhilabetean aztertzeko eta adosteko planteamendua ekarri dute, baina neurri zehatzik gabe. Ondorioz eta haurreskoletako errealitatea ikusita, STEILAS sindikatutik proposamen berri bat luzatu diegu: prestakuntzak eta koordinazio orduak ordezkatuko dituzten lanpostua/k sortzea. Horrela, egunean sortzen diren hutsune horiek beteta egongo lirateke, egunerokotasunean dagoen lan zama asko arindu eta prestakuntzak benetan egiteko denbora izango genuke. Hala ere, plantilak esleitzeko proposamen orokortuago bat borrokatzen jarraituko genuke; bi jardun oso gelako proposamena osatuko duena.
  • Gazteberritze plana: 60 urteko murrizketa herenekoa izatea (orain 2 ordukoa da) eta etxera joateko aukera izatea. Metatzeko aukera ere planteatu diegu.
  • Erosahalmena: soldataren igoera irudikatzeko, arropagatik ematen diguten dirua bikoiztea proposatu digute Lan Hitzarmen berriaren proposamenean. STEILASentzat ez da igoera nahikoa, %20aren galera izan dugula eros ahalmenean kontuan hartuta. Horregatik, beste neurri batzuk eskatu dizkiegu, benetako esfortzu bat egin dezatela azpimarratuz.
  • Txanda egunak mantentzea ere eskatu diegu.

Lan hitzarmenean ordezkoen araudi berria ere txertatu dute. Horri ere ekarpenak egin dizkiogu, lehen aipatu bezala, galerak hobetzeko hainbat puntu daudelako. Ordezkagunea martxan jartzeko pausuak ematen ari diren arren, ez ziguten abian jartzeko data zehatzik eman.

Bestalde, berriro ere Eibarreko kudeaketa langileen ordezkoen araudia eta barne promoziorako araudia sortu eta negoziatu behar direla gogorarazi diegu.

Atzoko bileran argi geratu zen administrazioarentzat greba deialdia mingarria izan dela, presa handia adierazi duelako negoziazioari bukaera ematearen inguruan.    Horregatik, mahai negoziatzaile berria greba egunak baino lehenago deituko dute, printzipioz, datorren astean. Baina proposatu dituzten aldaketa guztiak egiteko ez dute inongo diru inbertsiorik egin, hau da, doainik aterako zaizkie hauek denak. Dirua ere aurreztuko dute lan egunak gutxitzean, ordezkatu beharreko egunak gutxitu egingo baitira. Horregatik, orain da gure aldarrikapenak tinko defendatzeko momentua eta langileentzat benetako onurak ekarriko dituen lan hitzarmen duin bat adosteko unea. Gure aldarrikapenak asetzen ez badira, kaleak beteko ditugu.

Urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12 eta 13an, denok grebara!