Milaka eta milaka irakasle elkartu gara gaur, lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean deitutako manifestazioan. EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean salatu dugu: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako, besteak beste ikastetxe publikoen fusioak, eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako.

Beraz, zorionak eta eskerrik asko gaur greba egin duzuen guztioi, Hezkuntza Sailak hartu duen jarrerarekiko borrokatzeko hautua egin duzuelako, jakin badakigulako borrokatzen ez diren eskubideak ez direla iristen.

Iraungita dagoen irakasleon akordio arautzailea hemen eta orain negoziatzeko garaia dela oihukatu dugu gaurkoan. Hezkuntza Publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea!

Zehazki, ondorengo aldarrikapenak luzatu dizkiogu gaur Eusko Jaurlaritzari:

– Lan zama arindu: Irakastorduak murriztu egin behar dira hezkuntzako etapa guztietan.
– Baliabide hornikuntza handitu (Hezkuntza premia berezietako baliabideak, psikologoak, IKT arduradunak, Lanbide Heziketako ikasleen praktikak kudeatzeko baliabideak…).
– Burokrazia eta lan zama arintzeko neurri zehatzak ezarri
– Gazteberritze plana: Erretiroa hartzeko baldintzak hobetu. Lanaldia murrizteko eta metatzeko eskubidea onartu.
– Erosahalmena berreskuratu: Galdutako erosahalmena berreskuratu.
– Enplegua egonkortu eta bermatu: Lanpostu Zerrendak sindikatuekin negoziatu eta lanpostuak oposaketetara eta lekualdatzetara ateratzea.
– Interinitate tasa erreala jaitsi.
– Lanpostuak estrukturalizatzea.
– Irakasle Teknikoen mantetzea adostu Lanbide Heziketako Mahai Propioetan.
– Atzerapausoak kendu: Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez ezarritako murrizketak bertan behera utzi.
– Ordezkoen lan baldintzak hobetu: Ordezkoen araudia negoziatu eta berritu.
– Udako kobraketa berreskuratu.
– Lizentziak eta baimenak: Zaintzaren ikuspegitik lan eta bizitza benetan uztartzeko neurriak ezarri langile orori.
– Lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatu: Azterketa medikuak izateko eskubidea bermatu.
– Osasun arazoak dituzten langileen lan-baldintzak hobetzeko plan bat garatu.
– Hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak ikastetxe guztietan garatzeko baliabide pertsonalak bermatu.
– Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duen politikak ezarri ikasle eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko.
– Arrisku psikosozialen eta lanpostuen azterketa egitea.

Bilerak joan eta bilerak etorri, Hezkuntza sailak ez du mahai gaineratzen eskaera hauei erantzungo dioten proposamenik. Argi geratu da irakasleon desadostasuna Hezkuntza Sailaren erabakiekiko. Gaur hemen gaudenok ozen oihukatu dugu ikasleen beharrei modu egokian erantzuteko ezinbestekoa dela lan baldintza egokiak izatea.

Bihar ere, greba egin eta kalera irtengo gara. Hezkuntza Sailak inposatu digun gure lan baldintzen prekarizazioaren aurrean ez baitugu bestelako aukerarik.

Borrokatu ditzagun gure lan baldintzak, hemen eta orain erabakita!