Gaurkoan ere, argi eta ozen oihukatu dugu lan baldintzak hobetzeko momentua heldu dela, hemen eta orain erabakita. %75ak egin dugu greba gaurkoan. Agerikoa da, beraz, irakasleak ez gaude ados Hezkuntza Sailaren erabakiekin. Aldaketak behar ditugu, lan-hitzarmen berria negoziatzeko garaia da, hezkuntza publikoa indartzeko, diru inbertsioa handitzeko eta gure eskubideen urraketa geldiarazteko.

Gaurkoan ere, milaka irakasle atera gara kalera, Bilbo, Gasteiz eta Donostian. Zorionak eta eskerrik asko atzo eta gaur greba egin duzuen guztioi!

Gu gara egunez egun gure ikastetxeetako lanpostuetan Hezkuntza Sailak duen utzikeria jasaten duten irakasleak, beste errealitate bat islatzen saiatu badira ere. 15 urte daramatzagu gure lan-baldintzak arautzen dituzten hitzarmenak eguneratu gabe. Eta honek eskoletan gure lana modu egokian egitea eragozten digu.

Hemen eta orain negoziatzeko garaia da! Horregatik, ondorengo aldarrikapenak luzatu dizkiogu atzo eta gaur Eusko Jaurlaritzari:

– Lan zama arindu: Irakastorduak murriztu egin behar dira hezkuntzako etapa guztietan.
– Baliabide hornikuntza handitu (Hezkuntza premia berezietako baliabideak, psikologoak, IKT arduradunak, Lanbide Heziketako ikasleen praktikak kudeatzeko baliabideak…).
– Burokrazia eta lan zama arintzeko neurri zehatzak ezarri
– Gazteberritze plana: Erretiroa hartzeko baldintzak hobetu. Lanaldia murrizteko eta metatzeko eskubidea onartu.
– Erosahalmena berreskuratu: Galdutako erosahalmena berreskuratu.
– Enplegua egonkortu eta bermatu: Lanpostu Zerrendak sindikatuekin negoziatu eta lanpostuak oposaketetara eta lekualdatzetara ateratzea.
– Interinitate tasa erreala jaitsi.
– Lanpostuak estrukturalizatzea.
– Irakasle Teknikoen mantetzea adostu Lanbide Heziketako Mahai Propioetan.
– Atzerapausoak kendu: Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez ezarritako murrizketak bertan behera utzi.
– Ordezkoen lan baldintzak hobetu: Ordezkoen araudia negoziatu eta berritu.
Udako kobraketa berreskuratu.
– Lizentziak eta baimenak: Zaintzaren ikuspegitik lan eta bizitza benetan uztartzeko neurriak ezarri langile orori.
– Lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatu: Azterketa medikuak izateko eskubidea bermatu.
– Osasun arazoak dituzten langileen lan-baldintzak hobetzeko plan bat garatu.
– Hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak ikastetxe guztietan garatzeko baliabide pertsonalak bermatu.
– Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duen politikak ezarri ikasle eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko.
– Arrisku psikosozialen eta lanpostuen azterketa egitea.

Hau ez da hemen amaitzen, otsailaren 26an eta 27an ere greba egingo dugu, kaleak hartuko ditugu lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko, ikasleen beharrei modu egokian erantzuteko ezinbestekoa baita.
Hezkuntza Sailak inposatu digun gure lan baldintzen prekarizazioaren aurrean, greba eta mobilizazioa da bidea, ez dugu bestelako aukerarik! Borrokatu ditzagun gure lan baldintzak, hemen eta orain erabakita!