Gaur, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan dugu. Guretzat ez da negoziazio erreala izan, izan ere, Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritza Batzordeko kideak ez dira egon, Haurreskolak Partzuergoko gerentea soilik. Hortaz, Hezkuntza sailean erabakiak hartzeko eskumena duen inor ere ez da egon.
Gaur mahai gainean jarri zaigun proposamenean ez dago sindikatuok grebak deitzera eraman gaituzten gabeziei erantzuteko edukirik. Aurreko mahaian STEILAS sindikatuak administrazioari greba dinamikarekin amaitzeko beharrezkoak diren edukiak helarazi zion, baina honek ez du bere proposamen berrian bat ere txertatu:
- Ratioetan / Plantillak esleitzeko irizpideetan ez dago proposamenik. Orain aplikatzen diren ratioak txertatu dituzte, jakinda ratio horiek askotan ez direla betetzen eta hauek ikasturteko azkenengo hiruhilean aztertzeko eta negoziatzeko utzi nahi dituzte. Bestalde, lan zama arintzeko STEILASek egindako proposamenari muzin egin diote, prestakuntza eta koordinazioa ordezkatzeari, alegia.
- Aurrekoarekin lotura duen lanpostuen zerrenda handitzeko proposamen zehatzik ez dute ekarri.
- Erretirorako baldintzetan ez da inolako aurrerapausurik eman eta gure eskaeretan berretsi gara: 60 urteko murrizketa 1/3ean ematea eta etxera joateko aukera, adibidez.
- Soldataren igoera irudikatzeko Itzarri gure sektorean aplikatzeko aukera aztertzen ari dira. Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea da (BGAE) eta Euskadiko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko langileen aurreikuspen plana kudeatzen du. Aplikatu ezkero, soldataren %2aren proportzioa sartuko litzateke plan honetan. STEILAS sindikatuak diru hori gure soldatan sartzea eskatu izan du azken urteetan eta orain arte ezinezkoa zela esan izan digute.
- Txanda egunak ez daude txertatuta.
- Ordezkoen araudian ez dute behar beste onura txertatu. Zerbitzuaren beharrak asetzeko kontratu mota batzuen (prekarioenak direnak) konpentsazioa guztiz beharrezkoa da, baita horiek hartzeko aukera ordezkoei ematea ere.
Argi dugu Haurreskoletako (Haurreskolak Partzuergoko) langileon eguneroko lan jardunaldia hobetu eta lan zama arinduko duten neurriak ez daudela zirriborroan, administrazioak ez baitu gaurkoz inbertsioa handitu goian aipatutako aldarrikapenetan. Horregatik, STEILAS sindikatuak ezin du lan hitzarmen hau onartu. Haurreskolak Partzuergoari bideratzen zaion diru kopurua handitzea ezinbestekoa da lan hitzarmen duinago bat lortu ahal izateko.
15 urte daramatza lan hitzarmenak iraungita. Batasun sindikala bilatu eta lortu dugu aldarrikapenak adosten greba dinamika hau abian jartzeko. Langilegoaren haserrea eta beharrak bideratzen saiatu gara lan hitzarmenaren zirriborroari ekarpen mamitsuak eta zentzuzkoak eginez eta administrazioren erantzuna ez da nahikoa izan, ez die sindikatuon aldarrikapenei erantzuten, nahiz eta argi dagoen greben ondorioz mugimenduak etorri direla. Hurrengo egunetan zirriborriaren nondik norakoak azalduko ditugu.
Gauzak horrela, argi dugu kaleak bete behar ditugula administrazioaren jarrera aldatu ahal izateko. Langilegoaren erantzuna sendoa izan behar da gure beharrak benetan asetuko dituen lan hitzarmen bat lortzeko.
Urtarrilak 28an eta 29an, DENOK GREBARA!
Leave A Comment