Gaur, otsailak 4, Lan-legepeko irakasle eta hezitzaileen Mahai Parekidea eta Negoziatzailea izan ditugu Lakuan eta Hezkuntza Sailaren utzikeria izugarria izan da.
MAHAI PAREKIDEA
Hitzarmen berria indarrean sartu bitartean 27-60.artikuluak aplikatu ahal izateko akordio proposamena helarazi zigun sailak orain egun batzuk. Hitzarmena sinatu genuen hiru sindikatuok akordioa sinatu dugu eta beraz, bihartik aurrera, indarrean sartuko dira artikulu horiek (lizentziak, baimenak, eszedentziak eta trukeak).
Jorratu beharreko beste gaia Ordezkoen araudia izan da. Pasa den ostiralean gure ekarpenak bidali genizkion sailari eta gaur, mahaian, ahoz aipatu dira. Badirudi, gure eskaera batzuk onartzeko asmoa dutela baina, beti diogun moduan, idatziz jaso arte itxaron beharko dugu. Saila bueltako proposamena bidaltzekotan geratu da.
MAHAI NEGOZIATZAILEA
Jorratu beharreko gai bakarra 2023tik azalpenen zain geunden langileen ikastetxeetarako atxikipena izan da.
Gaur proposamen zehatz bat jasoko beharko genukeela uste bagenuen ere, ez da horrela izan. Azaldu diguten gauza bakarra, ikastetxeak udaletxearen arabera zonalde ezberdinetan banatuko direla eta kolektibo bakoitza nora atxikituko den izan da:
Zonaldeak:
Araba: zonalde bakarrean banatuko dira ikastetxeak
Bizkaia: 4 zonaldetan banatuko dira ikastetxeak (Durango, Bilbo, Leioa, Barakaldo).
Gipuzkoa: 2 zonaldetan banatuko dira ikastetxeak (Donostia-Irun, Eibar)
Nora atxikituko diren langileak:
HLE eta ZHI: ikastetxeetara atxikituko dira
Transkribatzaileak: IBT baliabidetegietara atxikituko dira (CRI)
Fisioterapeutak eta Okupazio Terapeutak: Eraginguneetara atxikituko dira
Gizarte Langileak: Lurralde Ordezkaritzetara atxikituko dira
STEILASetik gogor salatu dugu sailaren utzikeria. Denbora luzez egon gara gaurko bileraren zain eta proposamen zehatz bat behar genuen.
Izan ere, batetik, atxikipen hori nola gauzatuko denaren informazioa behar dugu lehenbailehen (zenbat langile atxikituko diren leku bakoitzean, zein irizpide jarraituko diren, zein antzinatasunari eutsiko zaion, nork izango duen lehentasuna izatekotan….) eta, bestetik, aldaketa honek prozesu askorengan eragingo du (Berritzeguneetako adostasun bilerak, Ikasturte hasierako esleipenak, jada egin dugun birbaremazioa…). Gainera, aldaketa hau emateko, ezinbestekoa da baliabideak esleitzeko irizpideak negoziatzea eta baita ratio eta intentsitateak berrikustea ere.
Ezin dugu ahaztu, gogorarazi diegun moduan, Berritzeguneetako adostasun bilerak hemendik 3 hilabete eskasera gauzatu beharko liratekeela eta, gaur gaurkoz, ez dugula inongo informaziorik. Zer aukeraketa egingo dute langileek? Ba al dakite zein baldintzetan parte hartuko duten eta zein egoeratan geratuko diren?
STEILASetik sailaren proposamen zehatzaren zain geratzen gara lanketarekin ahalik eta lasterren hasi ahal izateko.
Leave A Comment