Gaur, otsailak 5, prentsaurrekoa eskaini dugu Bilboko egoitzan, argitaratu berri dugun txostena aurkezteko: Hezkuntza ez dago salgai II, erreskatea.

Ikerketa honetan ikastetxe pribatu itunduak sostengatzeko eta haien biziraupena ziurtatzeko hartu diren hainbat neurri azaltzen dira. Joan den 2023ko abenduaren 21ean onartutako Hezkuntza Legeak, sare publiko eta pribatua berdindu zituen, eta hori sostengatzeko dokumentuan aipatzen diren hainbat dekretu berritu dira. Denak kontziente gara jaiotza-tasa jaitsi den honetan, ikastetxe batzuk ixteko arriskuan egon daitezkeela eta matrikulazioaren planifikazioan eragitea ezinbestekoa dela Euskal Eskola Publikoa babesteko. Zoritxarrez, gobernuak kontrako norantzan hartu ditu erabakiak eta ikastetxe itunduen neurrira ezarri ditu joko arauak.

Txosten honek jasotzen dituen egoera gehienak ulertzeko, hurrengo datu hauek duten garrantziaz jabetu behar gara:
1- Jaiotzek 2011.urtean goia jo zutenetik %36,63ko jaitsiera izan dute. Ditugun azken datuak 2023koak dira.
2- 2000.urtean jaiotzen ziren haurren %3 inguru migratutako familienak baziren, 2023an %32,14 izan dira.
3- EAJk bereziki hezkuntza arloan publikoarekiko duten mespretxua eta EAEn urteetan ehundutako sare klientelarrak mantentzeko eta indartzeko estrategia.

Txostena 4 bloketan banatzen da:

LEHENENGO BLOKEAN, etapa guztietako matrikularen bilakaera aztertu dugu, 2003/2004 ikasturtetik 2023/2024 ikasturtera bitartean. Iazkoa, hau da, 2024/2025 ikasturteko matrikulazioa aztertzen dugu ere. Irakurketa honetatik ondorioztatzen da jaiotza-tasaren jaitsiera bi sareetan atzeman arren, pribatuan eragin handiagoa duela. Honen arrazoia, besteak beste, ikasle zaurgarrien matrikulazioaren igoera da.

BIGARREN BLOKEAN itunpeko ikastetxeen erreskateaz hitz egiten dugu. 2022-2023 ikasturtean ituntzeko ratio minimoak jaitsi zitzaizkien 17tik 13ra. 2022 eta 2024 tartean %13 inguru igo zaizkie modulu ekonomikoak. Horrez gain, 2 urteko gelak ere itundu zaizkie, horretarako 15,4 milioi euro gehiago sartu behar izan ditu Hezkuntza Sailak. Aurreko neurri guzti hauek bi urtetan sare itunduan 124 milioi euro gehiago txertatzea ekarri dute.

HIRUGARREN BLOKEAN Hezkuntza Sailaren neurri antzuak jasotzen ditugu:
a) Zaurgarrien banaketa. Zaurgarriak dira eskaria egin duten lehen ikastetxean geratzeko aukera gutxienak dituztenak, 5etik 1, hain zuzen ere, beste ikastetxetara bideratu dituzte. Edonola, orokorrean banaketak ez du ia eraginik izan. Esate baterako, neurri hauek hartu ondoren Bizkaiko ikastetxe publikoetako 2 urteko gelan zaurgarritasun- tasa %22,10etik 21,84ra besterik ez da jaitsi.

Onarpen aginduak zaurgarrien banaketa lehen aldiz 2023/2024 ikasturtean jaso zuen. Hasieran ikastetxeek egin beharreko zaurgarrien erreserba %10era mugatu zen, neurriari eraginkortasuna kenduz. Iazko aginduan jaso zen aldaketa bat medio, egun ikastetxe batek duen eskariaren %80 eragin eremutik kanpokoa bada, ikastetxe hori banaketatik kanpo geldituko da. Aurtengoan erreserba 2 ikasleetara mugatu da. Egun, lehen eskarian, 2 zaurgarri jasotzen ez dituen itunpeko ikastetxerik ia ez dago, ondorioz zaurgarrien banaketa erabat indargabetuta geratzen da. Hezkuntza Sailak 3 ikasturte behar izan ditu patronalak gustuko ez duen agindu hau deuseztatzeko. Hori dela eta, STEILASetik bide judizialari ekitea erabaki dugu irregulartasun hau geldiarazteko.

b) Hurbiltasuneko eskolatzea. Neurri hau eskolatze sostengarriagoa izateko jarri da eta gu, zalantzarik gabe, honen aldekoak gara. Onarpen dekretu berriak, barematzean, puntuazio handiena hurbiltasun atalari eman dio, 7 puntu hain zuzen ere, senideak ikastetxe berean matrikulatuta egotearen aurretik, hauei 6,5 puntu ematen baitzaie. Nolanahi ere, egun ez du ia inork barematzen, denentzat tokia dago eta. Esate baterako, Loiura egunero 135 autobus iristen dira, ikasleen %100 eragin eremuz kanpokoak baitira. Zero kilometroko hezkuntza bermatzen duen bakarra sare publikoa da.

d) Eragin eremuak: Hauek gutxitu egin dira, eta ondorioz dauden gutxi horiek handiagoak dira. LOMLOEak eragin eremu bakoitzak ikastetxe publiko bat izan behar duela jasotzen du. Eragin eremu guztietan eskola publiko bat zabaldu beharrean, Hezkuntza Sailak eragin eremuak handitzea erabaki du, nahiz eta honek ikasleak garraiatzera behartu.

e) Gaineskaintzaren aurkako neurriak: Ez dute neurri errealik jarri, ordea, kontzeptu aldaketa bat errepikatu dute behin eta berriro: orain eskaintza eskaria da. Beraz, eskaintza eskaria izanik, gaineskaintza desagertzen da. Hau da, ikastetxe baten hasierako eskaintza 50ekoa bada, eta eskaria 30ekoa bada, Hezkuntza Sailaren esanetan 30ekoa izango da haien eskaintza.

LAUGARREN BLOKEAN, ituntzeak arautzen dituen 1987ko dekretuaren urraketak jaso ditugu. Denok ezagutzen ditugu aurreko betebeharrei muzin egiten dieten ikastetxeak. Ikasle zaurgarriei ez diete arretarik ematen, ez dute euskaraz irakasten, ez dira doakoak eta laikoak ere ez, ikasleen onarpena ez da gardena, eta irakasleen kontratazioa zer esanik ez. Itunak berritzeko baldintza batzuk bete behar dira eta horiek bete ezean ituna deuseztatzen da. Horretarako tresnak baditu Hezkuntza Sailak, dokumentuan jasota dagoen bezala. Aurreko baldintzak ez betetzeagatik itunik gabe gelditu den ikastetxerik ez dugu ezagutzen. Arlo honi dagokion ikuskapen lanak bazter batean uztea erabaki politikoa da.

Gogorarazi nahi dugu hezkuntza politika pribatizatzaile hau tamalgarria bada ere, publikoaren aldeko plataformen, familien eta langileen esfortzuagatik eskola publikoaren aldeko olatua inoiz baino indartsuagoa dela.

Txostena osorik irakurtzeko: TXOSTENA