Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxiaren aurrean, STEILAS, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok mobilizazioak iragarri ditugu hurrengo 7 asteetarako. 

Ikasturte honetan egindako hiru greben ostean, eta milaka irakaslek gure nekea eta haserrea adierazi ondoren, Hezkuntza Departamentuak negoziatzeko benetako asmorik gabe jarraitzen du. Hainbeste aldiz eskatu ditugun aldarrikapenak alboratu dituzte eta inbertsio ekonomikoa lortzeko asmo gutxi erakusten jarraitzen dute. 

Hau horrela, gehiengo sindikalak “Hezkuntza Publikoaren alde – muévete por la pública” mobilizazio kanpaina berri bat jarri dugu abian. Datozen 7 asteetan Nafarroako eskualde guztietara bertaratuko gara. Otsailaren 19an hasi eta apirilaren 9rarte, asteazkenero lanuzteak deituko ditugu goizeko 9etatik 11etara. Lanuzte hauetan asanbladak eta elkarretaratzeak egingo ditugu, horrela mobilizatzen eta gure haserrea adierazten jarraitzeaz gain, sindikatuok ere lehen eskutik izanen dugu irakasleon ahotsa, beharrak eta proposamenak entzuteko aukera. 

Lanuzteak Nafarroa osorako deitu dira, eta edonork asteazkenero lanuztea egiteko aukera izanen duen arren, guk egutegi bat proposatu dugu lanuzteak eskualdeka antolatuz. Horrela, astero jasoko duzue eskualde bakoitzeko proposamena, asanblada eta elkarretaratzeko puntuak eta bertaratzeko deitutako ikastetxeen zerrenda. 

Hona hemen datozen 7 asteetan, 7 eskualdetan banatutako 7 proposamenak:

  • Otsailak 19: Baztan-Bidasoa
  • Otsailak 26: Lizarraldea
  • Martxoak 12: Sakana-Larraun-Leitzaldea
  • Martxoak 19: Zangozaldea-Pirinioa
  • Martxoak 26: Erribera
  • Apirilak 2: Tafallaldea
  • Apirilak 9: Iruñerria

Esan bezala, astez aste joango gara eskualde bakoitzeko proposamen zehatzak bidaltzen eta zehazki jakinen duzue ikastetxe bakoitzari dagokion eguna eta tokia. Dena den, eta beste behin argi uztearren, denok duzue asteazkenero lanuztea egiteko eskubidea. 

Segi dezagun borrokan hezkuntza publikoaren alde!