2021etik daramagu Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmena negoziatzen. Greba deialdi bat aurrera eraman behar izan dugu administraziotik aurrerapausoak ikusteko. Negoziazioaren bideari beste batzuek amaiera eman diote, langileek aurreko asteetan kaleetan erakutsitako indarrari eta eskaerei muzin eginez. Harro esan dezakegu STEILASen negoziazioaren azken momentura arte saiatu garela lan hitzarmena hobetzen; astelehenean azken unera arte indarra jarri genuen gure ekarpenak txertatu ahal izateko eta eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuna emateko.
Ez dugu akordioa sinatu, ez baitzegoen aldaketa esanguratsurik jasota greba egunak egin eta greben ostean jaso genuen proposamenen artean. Aldaketa gehienak formazkoak izan dira, hala nola, eranskinen izenak txertatu eta zuzenketa ortografikoak egin dituzte. Honako hauek dira bakarrik sartu dituzten gauza berriak: 70. artikuluan, formazioari dagokion atalean jaso dute Prest Garan parte hartzeko aukera izango dugula hezitzaileok, ordezkapen telematikoen aplikatiboa irailean martxan jarriko dela txertatu dute eta azkenik, hirugarren xedapen gehigarri bezala, kudeaketa langileen barne sustapena eta ordezkoen araudia egiteko egutegi bat zehaztuko dutela (dokumentu hauek jada erdi landuta daude, aurreko ikasturteetan lantzen hasita baikeunden, hortaz, prozesuari bukaera ematea izango litzateke).
(Irudian sakatu deskargatzeko)
Hurrengo dokumentuan lan hitzarmenean eta ordezkoen araudian dauden aldaketak banan-banan aztertuko ditugu, baita STEILAS sindikatuak egindako ekarpenak eta irakurketa ere. Momentu honetan lan hitzarmen berria sinatu da, baina langilegoari zor diogu jarraian dagoen hausnarketa hau egitea.
Hausnarketa orokorra eginda, diru inbertsio gehiago falta dela argi geratu da: ratioak hobetzeko neurriak ez dituzte txertatu, ezta gazteberritzean ere, eta eros ahalmena berreskuratzeko pausuak ez dira nahikoak. Egondako aldaketa gehienak Madrilen adostutako familia legeak ekarri ditu edo iada administrazio publikoan dituzten baimenak dira (gehienak soldata gabekoak). Administrazioaren kudeaketa errazteko nagusiki etorri behar ziren, azkenean, sistema zenbat eta homogeneoagoa izan kidegoen arteako kudeaketa merkeagoa izango da. Lan-baldintzak errotik hobetzeko asmoak, gutxi.
Bestalde, ordezkoen araudian langile horien baldintzak hobetuko dituzten eta zerbitzuaren kalitatea eta egunerokotasuna erraztuko dituzten neurri esanguratsuenak STEILASi esker txertatu dira. Hala ere badago zer hobetua.
Gauzak horrela, astelehenean STEILASBERRI 7an esan bezala (https://labur.eus/b4RrC), Otsailaren 10ean langileok merezi dugun lan hitzarmena lortzeko aukera paregabea galdu zen arren, STEILAS sindikatuan Haurreskolak Partzuergoko langileen lan baldintzen defentsan lanean jarraituko dugu, koherentzia galdu gabe eta langileen ordezkariak garen neurrian, dagokigun arduraz jokatuz.
Leave A Comment