Otsailak 24ko mahai negoziatzaileak ez du irakaskuntza publikoko irakasleon lan-baldintzak hobetzeko eduki nahikorik izan.
Gaur, otsailak 24, Lakuan izan dugu unibertsitatez kanpoko irakasleen mahai negoziatzailea. Ez digute aurretik dokumentaziorik bidali eta, hortaz, dokumentaziorik jorratu gabe joan behar izan dugu bilerara. Bileran bertan, ohikoa den bezala, ez da aurrerapauso errealik eman. Urtarrileko mobilizazio sendoek Hezkuntza Saila behartu duten arren aldarrikapenei erantzuteko eduki berriak jartzera, mahai gainean ipinitako neurriak ez dira nahikoak, eta oinarrizkoak diren atal batzuetan ez dago inolako ekarpenik:
Lan zamari dagokionez, ez dago murrizketarik etapa guztietan eta burokrazia gutxitzeko proposamena erabat zehaztu gabekoa da, inolako bermerik eskaini gabe. Bestalde, aparteko orduak ezarri nahi dituzte ohiko irakastorduz kanpo lan egin ahal izateko.
Plantillak gazte-berritzearen inguruan aldaketa batzuk sumatu diren arren, jaso ditugun edukiak eskasak dira eta, gainera, ez dituzte langile guztiak barnebiltzen; hain zuzen ere, kolektibo prekarizatuenak ez ditu kontuan hartzen.
Soldatei erreparatuz gero, idatziz jasotako zirriborroan ez dago denoi eragingo digun inolako proposamenik azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko.
Aldebakarrez Hezkuntza Sailak ezarritako atzerapausoak konpontzeko proposatzen dituzten neurriei dagokionez, udako kobraketa esaterako, ordezkoentzat baldintza berriekin proposamen bat baldin badago ere, ez dago ikasturte honetan aplikatuko denaren inongo bermerik. Gainera, ez dago enplegua egonkortzeko eta bermatzeko inolako neurririk.
Aurreko urteetan izan diren osasun arrazoiengatiko zerbitzu eginkizunen murrizketak kentzeko asmorik ez dago. Horrekin batera, langileok hamarkadak daramatzagu ikasturtero osasun azterketa egiteko dugun eskubiderik gabe, eta ez dago hau zuzentzeko intentziorik. Lan arrisku psikosozialak ebaluatzeari buruzko berririk ere ez dago.
Argi dago, beraz, Hezkuntza Sailak ez duela gure lan baldintzak hobetzeko borondate politikorik. Ez dezagun ahaztu langileen lan baldintzak hobetzea erdiguneko gakoa dela Euskal Eskola Publikoa indartu nahi badugu. Erosteko ahalmena berreskuratzea, esaterako, ezinbestekoa da, ez soilik gure eskubidea delako, baizik eta pribatuko eta publikoko lan baldintzak ezin direlako parekatu, eta publikotasunak erreferentzi izan behar duelako lan-eremuan. Halakorik ezean, Euskal Eskola Publikoa husteko bidea irekiko luke Hezkuntza Sailak.
Hori horrela, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu irakasleen negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak eta finantzaketa-bideak mahai gainean jartzeko behingoz. Bitartean, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dugu, ez digutelako beste biderik utzi eta argi dugulako orain arteko mobilizazio jendetsuak mantentzea lortzen badugu gure lan baldintzak hobetzea ere lortuko dugula. Bete ditzagun kaleak otsailaren 26 eta 27an berriro ere gure aldarrikapenekin. Denok grebara! Denok kalera!
Leave A Comment