Martxoaren 8 honetan, STEILASeko Idazkaritza Feministak zaintzak jarri nahi ditu berriro ere erdigunean, ikasleekin lantzeko gai nagusia izan dadin. Eskolari buruz ari garelarik, zuzenean hezkuntzarekin eta ikaskuntzarekin lotzen dugu, baina ez hainbeste pertsonen zaintzan betetzen duen funtsezko eginkizunarekin. Eskolak betetzen duen zaintza-eginkizunari ez zaio garrantzirik ematen ia, eskolaren balio nagusietako bat dela pentsatu beharrean.

Hezkuntza-komunitatea gune pribilegiatua da, egunero ikasten baita bertan elkar nola zaindu. Elkar nola zaindu ikasten eta praktikatzen da, familiarteko eta senideen arteko harremanetatik haratago. Hezkuntza-harreman horretan, pertsona dago erdigunean, pertsona guzti-guztiak eta bakoitza dago hezkuntza-komunitatearen erdigunean, zaintzaren ikuspegitik begiratuta. Bizitzaren alderdi guztiei erreparatzea eta eskoletako antolaketa zaintzea mesedegarri izaten dira pertsona guztien garapen integrala lortzeko. Gainera, bizikidetza egokia ikasteko gunea ere bada, eskola-eremuan nahiz eskolatik kanpo eta hurbileko komunitateetan aldi berean praktikan jarrita: bizilagunen komunitatean, kalean, auzoan, herrian, hirian…

Pandemiaren eraginez, eta zerbitzu publikoen pribatizazio gero eta handiagoaren ondorioz, zaintza publikoko zerbitzu doako eta unibertsalen premiaz mintzatzen hasi gara, baina baita tokiko zaintza sareak sortzeaz ere, eta hori egiten dugu lehendik ere, nola edo hala, eskola publikoan; izan ere, eskola publikoa auzo eta herrietan dago, auzoko eta inguruko familiek bat egiten dute bertan —guk nahi baino gutxiago diren arren, egia esan—, ez da garraiobiderik behar bertara iristeko eta, adin batetik aurrera, haurrak bakarrik ere joan daitezke. Horrela, haurren autonomia pertsonala eta berdinen arteko laguntza sustatzen dira. Gainera, zenbait tokitan eskola-ibilbide seguruak jarri dira martxan, haurrek eskolara oinez edo bizikletaz joateko aukera izan dezaten eta, bide batez, hezkuntza-komunitatearen zaintza eta erantzunkidetasuna auzoko saltokietara ere zabaltzen dira.

Bestalde, hein handi batean, ikastetxeei esker uztar ditzakegu lana, familia eta bizitza pertsonala, gizartearen garaian garaiko beharretara egokitu direlako. Gizartearen antolaketa berri horretan oinarrituta, ikastetxeetan gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dira eskaera sozialei erantzuteko, ordutegiak zabalduta: 0-2 urteko haur-eskolak, goiztiarren gelak, eskolaz kanpokoak, jantoki-zerbitzua… Eskola-eremuan ere ezinbestekoak diren jarduerak egiten dituzte begiraleek, hezkuntza-laguntzako espezialistek, haur-hezkuntzako espezialistek, garbiketako langileek, sukaldariek… Eta bai, lan horietan nagusiki emakumeak aritzen dira eta, nola ez, ordainsari txikiagoekin eta errekonozimendu handirik jaso gabe.

Pertsona guztiok behar ditugu zaintzak bizitzeko, baina zenbait egoera berezitan beste arreta mota bat eta profesionalen laguntza behar izaten dira. Eskola publikoak, hezkuntza-komunitate inklusiboa den aldetik, giza baliabide eta baliabide material guztiak jarri behar ditu dibertsitate funtzionala edo psikikoa duten ikasleak baldintzarik onenetan egon daitezen eta ahalik eta garapen handiena izan dezaten.

Bai ikasgela arruntean, bai ikasgela egonkorretan, horrelako ikasleekin lan egiten duten profesionalen % 90 baino gehiago emakumeak direla esan dezakegu, eta, kasualitatez, errekonozimendu gutxien, lan-baldintza txarrenak, ordutegi txarrena eta soldata txikienak dituzte; harritzekoa!

Gure gizartean zainketen gaiari garrantzia ematen hasi garen honetan, ezinbestekoa da kolektibo horien eskaera guztiak jasotzea eta balioan jartzea. Eskaerak oso zehatzak eta garrantzitsuak dira: ikastetxeko kide izatea eta klaustroko partaide izatea irakasleen eskubide berberekin. Ratioak eta intentsitateak berrikusi behar dira, euren ardurapeko ikasleen beharrei erantzun egokia eman ahal izateko, baina haien eginkizunak ahaztu gabe, asistentziatik haratago doazen aldetik.

Era berean, zaintzaren inguruko aldarrikapenen garai honetan, ezinbestekoa da ulertzea zainketak lan eta erantzukizun kolektiboa direla, eta berdintasunez banatu behar direla. Zeregin titanikoa izanik, ikastetxeek potentzial handia dute; izan ere, zaintzari buruzko pedagogia egingo duten irakasgaiak edo espazioak ezar ditzakete, eta horrek eragin sozial oso positiboa izango luke, gure helburura gehiago hurbilduko gintuzkeelako. Eginkizun hori interesgarria da, zeren, zaintzaz arduratuko diren egitura publikoak behar ditugun arren, egitura horrekin batera gizartea kontzientziatzeko prozesuak egin behar baitira, eta hori da zaintzari lotutako genero-desparekotasunei buelta emateko modu bakarra.

Gizarte inklusiboa eta parekidea eraiki nahi badugu benetan, ezin dugu ahaztu eskola publikoak zer diren, hau da, “zaintzen duten hezkuntza-komunitateak”, gertukoa, kolektiboa eta publikoa izateari balioa ematen zaion lekuak. Izan ere, eskola publikoek soilik bete ditzakete bereizgarri dituzten baldintzak, betiere publiko izan nahi badute: espazio publikoan garatzen dira, elkarri laguntzea da eskola publikoen jardun nagusia, baliabide materialak eta ez-materialak partekatzen dituzte, ez diote inori ukatzen denekin egoteko aukera eta, eskola publikoan, “bestea” beti onartzen da den bezala, eta “gu inklusibo eta ireki batean” txertatzen da.

Gai horri beti eman izan diogu lehentasuna STEILASeko idazkaritza feministan, eta horri buruzko unitate didaktikoak argitaratu ere egin ditugu; adibidez, gure webgunean aurki ditzakezuen Zaintzak plazara eta Eskola erasorik gabeko espazioa.