Gaur prentsaurrekoa eskaini dugu argitaratu berri dugun liburua aurkezteko: “Feminismoa eta zaintzaren krisia: erronkak eta hausnarketak”. Liburu hau STEILASek garatu nahi dituen hausnarketa material batzuen barruan kokatzen da, asmo horrekin argitaratu genuen ere “COVID 19 Pandemiaren inguruko gogoeta feministak” liburua. Dakizuen bezala STEILASetik material ugari argitaratzen ditugu hezkidetzaren inguruan lanketa egin ahal izateko ikasgelan. Baina azken urteetan eta “pedagogia feministaruntz” salto egin dugunetik, gero eta garrantzi gehiago eman diogu hausnarketaren bidez garatu beharreko kontzientziazio prozesu pertsonalari.
Hori horrela, liburu hauen helburua eszena feministako ahots desberdinak hizketan jartzea da. Jakina den bezala, feminismoa pentsamendua eta aktibismoa barnebiltzen dituen mugimendua da, eta bertan gai batekiko ikuspegi desberdinak topa ditzakegu. Gure helburua ditugun korapilo horien inguruan pentsatzeko espazio bat sortzea da, denborarekin horiek askatzea lortuko dugunaren esperoan.
Oraingo liburu honetan zaintza da gaia, gaur egun feminismoaren erdiguneko aldarrikapena, alegia. Sindikatuari modu zuzenean interpelatzen dion gaia dugu hau, lehenik eta behin, feministak garelako eta zaintza lanen banaketa patriarkala gizon eta emakumeen produkzio eta botere harremanaren ondorio delako. Baina, aldi berean, zaintzak kontziliazioarekin zerikusia baduelako eta, beraz, negoziaketa kolektiboan adosten diren lizentzia eta baimenetan eragin zuzena duelako.
Bestalde, gai honi eusteko beharra ikusi dugu ere azkenaldian, Zaintza Publiko komunitarioaren kontzeptua hedatu delako mugimendu feministan. STEILASetik arduraz jaso dugu kontzeptu honen erabilpena, publiko kontzeptuaren malgutzea ekar baitezake. Hori horrela, uste dugu premiazkoa dela birdefinizio honen inguruan eztabaidatzea eta zehaztea zertaz ari garen publiko komunitario diogunean.
Aipaturiko gai hauen inguruan eztabaidatzeko, ikuspegi teoriko zein praktikotik zaintzaren gaia jorratu duten ahotsak jaso ditugu. Honako hauek dira liburuan parte hartu duten idazleak: Maider Barañano, Urzuri Castello, EMAGIN elkartea, Arantza Fernández de Garayalde, Lore Lujanbio, Isabel Otxoa, Marina Sagastizabal, Arantza Urkaregi, Begoña Zabala eta STEILASeko Idazkaritza Feminista.
Liburuaren aurkezpena ere egingo dugu, artikulu hauen egileekin hitzaldiak antolatuz Hego Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herritan. Lehen topaketa Arantza Fdez de Garaialde Ulacia eta Begoña Zabala Gonzalezekin izango da martxoaren 6an, arratsaldeko 7etan, La Sinsorgan, Bilbon. Era berean, esan behar dugu ez garela ohiko argitaletxe bat, eta material honetan interesa dutenek gure web orrian sartu eta doan deskargatu ahal izango dutela.
Leave A Comment