Greben deialdi berriak Hezkuntza Saialaren jarrera aldaketa bat eragin duen arren, hurrengo asteko mobilizazioekin tinko mantendu beharrean gaude lan-baldintzetan hobekuntza esanguratsuak izateko.
Urtarrila eta otsailean 4 greba egun egin genituen, martxorako beste hiru ditugu eta apirilerako bi gehiago. Argi ikusi dugu Hezkuntza Saila mugiarazteko modu bakarra hau izan dela. Nahiz eta oraindik ez izan gure eskariei erantzungo dioten proposamena, sumatu daiteke STEILAS sindikatuak egindako proposamenei nolabaiteko gerturatzea. Martxoaren 19an sektoreko mahai negoziatzailea izan dugu, arlo batzuetan neurri batzuk ezartzen hasi dira, baina urrun ikusten dugu gure aldarrikapenetatik.
• Lan-zamari dagokionez, ez dago garbi irakaskuntza ertainetan nola jaitsiko zaigun zereginaren zama, burokrazia gutxitzeko neurri zehatzik ez daukagu eta baliabide pertsonal berriak ezartzeko aipamen batzuk baldin badaude ere, xehetasunak falta dira.
• Plantillak gazte-berritzeari dagokionez STEILASek aspaldi borrokatu eta proposatutako hainbat neurri txertatu dituzte, baina aldi berean jasotako neurri batzuk nahasgarriak dira, eta beraz, lanketa sakonagoa eskatzen dutela uste dugu.
• Soldatari erreparatuz, gure oinarrizko soldataren %2ko igoera bat jarri du mahai gainean Hezkuntza Sailak, erabat eskasa gure iritziz. Orain arte eskari hau lehen lerroko eskari bat izan ez bada ere, Euskal Eskola Publikoaren lan baldintzak duintzeko bidean ezinbestekoa dela deritzogu.
• Lan-osasunari buruz mediku azterketak 3 urtean behin eskaintzen zaizkigu. Hobetu beharreko neurria.
Hezkuntzako irakasleon lan-baldintzak hobetuz hezkuntza publikoko kalitateak hobera egingo duela argi utzi behar dugu eta helburu horrekin borrokan tinko jarraitu behar dugu. Euskal Eskola Publikoa erdigunean. Denok grebara!
Leave A Comment