Atzo Lakuan hezkuntza publikoan irakasleen kolektiboan ematen ari den lan gatazkaren bigarren fasea amaitu genuen sindikatuok, irakasleen babes oso zabalarekin. Aste honetan bi egunez eta aurreko astean hiru egunez Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak bete ditugu lan akordio baten alde. Beraz, urtarriletik hona 9 eguneko greba dinamika burutu dugu.

Irakasleen lan baldintzak negoziatzeko garaia dela iritzita, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta bermeak dituzten proposamenak mahaiagaineratzeko exijitzen diogu, inolako baldintzarik gabe. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Sindikatuok negoziaziorako dugun prestasuna argi geratu dela diogu, ez ordea Hezkuntza Sailarena, izan ere, mahai negoziatzaile baterako deialdirik egin gabe jarraitzen baitu. Deialdirik eta proposamenik egon ezean, greba dinamikarekin jarraitzea baino ez zaigula geratuko adierazi dugu. Sindikatuok benetako negoziazioa behar dugu eta erantzunkizunez jokatzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari.