STEILASetik argi dugu gaurko mahaia negoziazioa luzatzeko ariketa traketsa besterik ez dela izan. Horregatik, Hezkuntza Sailari datorren astelehenean bertan proposamen oso bat ekartzeko eskatu diogu. Aldi berean, sinadurarik egon ezean, mobilizazioekin jarraitzeko beste biderik ez digutela uzten berretsi dugu.

Egun asko galdu ditu alferrik Hezkuntza Sailak, ez baitu borondaterik izan lanean aritzeko akordio erreala helburu. Gaur, hornikuntzaren inguruko proposamen bat aurkeztu digute, baina ez digute akordioa osotasunean bilduko duen dokumenturik eman. Apirilean zehar beste edukiak jorratzeko egutegi bat besterik ez digute aurkeztu.

Beraz, ez dugu gure ondoko aldarrikapenen inguruko edukirik jaso: lan-zama, erosahalmena, lan-osasuna, burokrazia gutxitzeko neurriak, erretiro aurreratzeko bideak…

Gauzak horrela, STEILASetik astelehenean bertan akordio arautzailearen gaineko proposamen osoa ekartzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari, baina ez dute bilera zehaztu nahi izan. Aldi berean, denboran luzatuko ez den negoziazio trinkoa ere eskatu diegu, baina eskaera honi ere ez diote baiezko irmorik eman.

STEILASetik argi dugu sinadurarik egon ezean, mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez digutela uzten, eta hori ere azpimarratu dugu bileran.

Hezkuntza publikoko kalitatea hobetzeko modu eraginkorrenetako bat hezkuntzako langileen lan-baldintzak hobetzea dela badakigu. Horregatik, helburu horrekin, borrokan tinko jarraitu beharra dugu.

Gora Euskal Eskola Publikoa!