Otsailaren 10ean izan genuen Haurreskolak Partzuergoarekin eta administrazioarekin azken hartu-emana, lehendabizi 2024ko apirilean sinatutako akordioen Mahai Parekidean eta gero, Lan Hitzarmena lotzeko Mahai Negoziatzailean. Azken horretan Steilasek Lan Hitzarmena ez sinatzea erabaki zuen.
Hilabete gutxi pasa dira eta jada, testu horren gabeziak ikusi ditugu, hartutako erabakian berresten lagundu digutenak. Hala nola:
-
Lan hitzarmenaren 34. artikuluaren moldaketa egin behar izan da, senideen gaixotasun edo heriotzagatiko artikuluan akatsa baitzegoen baimena disfrutatzeko egun kopuruan. Gure harridurarako, administrazioak ez du eman aldaketa horren berririk. Hala ere, Steilasen lan hitzarmenaren testua osotasunean aztertzen ari gara egon daitezkeen akatsak, interpretazioak… behatzeko eta honekin batera ahal dugun heinean, langilegoari bermeak eman ahal izateko.
-
Erretiro partziala: Apirilaren 1ean errelebo kontratuaren baldintzak arautzen dituen lege berria indarrean sartu zen. Horren ondorioz, administrazio publikoko langileok errelebo partzialik gabe geratu gara, Eusko Jaurlaritzak horrela erabaki duelako. Espainiako gobernuak beste proposamen edo konponbide bat eman arte zain egon beharko dugu eta ez dakigu ez nola ezta noiz izango den ere.
Gogoratu nahi dugu, urtarrilean burututako greben aldarrikapenen artean Gazteberritze plan duin bat izateko eskaera zegoela, baina arlo horretan ere inongo aurrerapausorik lortu gabe sinatu zen lan hitzarmena. Eta orain horren ondorioak pairatzen ari gara.
Horregatik, Steilas sindikatutik Mahai Parekidea deitzeko eskaria egin diogu administrazioari erretiroaren egoerari konponbidea bilatzen saiatzeko: 2024ko apirilean sinatutako akordioa moldatuz, erretirorako proposamen zabalagoa lantzen saiatzen garen bitartean.
Horretaz gain, eskatutako mahai parekidean, lanpostuen zerrendan gehitu beharreko lanpostuen jarraipena egin nahi dugu. Gogoan izan, lan metaketen iraupenaren luzapena adosteko 2024ko apirilean sinatutako akordioan lanpostu berrien sorrera lotu genuela, lanpostuen zerrenda handituz.
Bestalde, 2025/2026 ikasturteko haurren onartze arauak eta irizpideak argitaratu dira. Berriro ere, harriduraz jaso dugu dokumentua alde sozialarekin partekatu gabe atera izana. Beste ikasturteetan Mahai Negoziatzaileetara eramandako gaia izan da, nahiz eta alde sozialak bertan eragiteko aukerarik ez izan.
Hala ere, Steilasek urteetan zehar egindako eskaerak txertatuta ikusteak poztu gaitu, izan ere, zerbitzuaren kalitatea eta familien beharrak hobetzeko aldaketak emango baitira: arratsaldeko zerbitzua kendu da, eszedentzia egoeran egonda eta diru-laguntza jasotzen den bitartean izena emateko aukera egongo da, gurasotasun baimena amaitu baino 5 aste lehenago haurreskolan hasteko aukera izango da…
Horrekin batera, Haurreskolen plazen eskaintza handituko dela jaso dugu. Doakotasuna martxan jarri zenetik Steilasetik argi esan genion administrazioari plazen beharra handituko zela (eta horrekin batera baliabideen gehikuntza etorri behar zela). Orain, azkenean, eta Europak emandako Next Generation funtsei esker, behar handia zegoen udaletxeetan 0-2 eskaintza publikoa handitu egingo da.
Amaitzeko, administrazioari gogorarazi nahi diogu hainbat gai ditugula lantzeko eta alde sozialarekin Mahai Negoziatzaileetan landu beharko lituzketen gaiak direla: Kudeaketa langileen barne araudia, ordezkoen araudia eta barne promozioak landu behar ditugu, balizko lekualdatzearen araudia adostu behar dugu, hezitzaileen lanpostuen zerrenda ahalik eta azkarren osatu behar da, … Horregatik, lehenbailehen mahai ezberdinen deialdia jasotzea espero dugu, berriro ere alde sozial osoaren ahotsa entzuteko langileon hobe beharrez.
Leave A Comment