Publiko egin den bezala, beste bost greba egun izango ditugu Euskal Eskola Publikoko unibertsitatez kanpoko irakasleen sektorean; maiatzaren 12tik 16ra bitartean. Orain arte egindako grebek frogatu dute hezkuntza komunitatea indartsu dagoela eta gure aldarrikapenekin bat egiten duela, eta behin eta berriro eskatu digute amore ez emateko. Hezkuntza Sailak aldiz, edukiak mahai gainean jarri beharrean, gure borroka desitxuratzeko zurrumurru eta azpijokoetan darrai.

Argi dago negoziaketaren joko arauek diskrezioz aritzera behartzen gaituztela. Hezkuntza Sailburuak, ordea, erantzukizun hori langileen eskubideen kontra ekiteko erabili du berriro ere, bere azken trikimailua aktibatuz eta guri zilegitasuna kentzen saiatuz.

Jakina eta publikoa da Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea dela STEILASen ikurra. Horren isla diren adibide batzuk aipatzearren: 2023an gelako ratioak jaitsi eta baliabideak gehituko zituen akordio bat sinatu genuen, segregazioa areagotzen duten planifikazio dekretu eta onarpen aginduaren kontra borrokatu dugu sutsuki, bide judiziala erabilita behar izan denean eta, noski, hezkuntza publikoaren kontra diseinatu zen hezkuntza legea bertan behera utzi zezaten mobilizatu ginen. Ez ditugu hauek aipatzen justifikatzeko, harrotasunez baizik, azken urteetan hau izan baita gure sindikatuaren jarduna. Horri erreparatuz, ulergaitza da Hezkuntza Sailburuak esatea hankaz gora jarri dugula hezkuntza gure interes ekonomikoengatik.

Lehenik eta behin, argi utzi beharra dago erosahalmena berreskuratzea sindikatu batek egin beharreko aldarrikapen zilegia dela. Langileok Hezkuntza Sailaren desitxuratze populista lanak gainditu behar ditugu behingoz, ez dezagun onartu langileen arteko talkak elikatu ditzaten; soldata igoera eskatzea bidezkoa da.

Edonola, STEILASek sekula ez du erosahalmena aldarrikapenen lehen lerroan jarri, baina, kasu honetan aldarrikapen hau guztiz politikoa eta erdigunekoa da. Hasteko, langileen lan baldintzak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi aldeak direlako. Baina, bereziki, kasu honetan publikoko langileen erosahalmena ez bermatzea eskola publikoa desprestigiatzeko maniobra bat delako.

Soilik 2020tik 2024ra, %5,4ko erosahalmena galdu dugu hezkuntza publikoko langileok, krisi garaira joko bagenu, gure galera %23koa da. Azken bost urteetan, ordea, itundutako ikastetxeetako irakasleen erosahalmena hobetzeko, Hezkuntza Sailak 68 milioi euro diru publiko txertatu ditu. Horretarako ez ohiko dekretu bat gauzatu zuen, 2024ko aurrekontuen legea aldatuz.

Esan gabe doa sare publikoko langileen lan baldintzek erreferentzialtasuna galtzeak, Euskal Eskola Publikoko ikastetxeak langilez hustea ekar dezakeela. Beraz, sistema publikoa desegiteko beste urrats baten aurrean gaude. Publiko eta pribatuko langileen soldaten ekiparazioa hezkuntza legearen aterkipean egositako zerbait da; diru publikoz hornituriko ikastetxeak titulartasun pribatua mantentzen dute, kontrataziorako eskubidea edo “dedokraziak”, baina lan baldintzak berdintzen dira. STEILASetik, aspaldi eskatu genuen langile horientzat kontratazio zerrenda bakarra; diru publikoz hornituko badira, izan daitezen langile publikoak, hori bai litzateke langileak duintzea eta publifikaziorantz pausuak ematea.

Amaitzeko, jakinarazi nahi dugu erosahalmena borrokatzen ari bagara ere, hori ez dela gure aldarrikapen bakarra. Hezkuntza Sailaren negoziaketa logikaren isla da bere diskurtsoa. Guk ez dugu baliabide eta soldataren artean aukeratuko, biak modu zilegi eta ponderatuan hobetuko dituen proposamen baten alde borrokatzen ari gara. Ez gaitzaten engainatu, ez gara gu baliabideak lehen lerroan jartzen ez ditugunak, Hezkuntza Saila baizik.

Guk gure aldetik, borrokatzen jarraituko dugu, erantzukizunez eta maximalismoetatik urrunduta, Euskal Eskola Publikoa erdigunean jarriko duen neurri eta lan baldintzak lortu arte.