Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 28a eta egun horretan egingo ditugun mobilizazioak aurkeztu ditugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok (Nafarroakoan CGTk ere hartuko du parte). Horrela, “Absentismoa patronalaren iruzurra. Lan osasuna, gure eskubidea” lelopean, mobilizazioak egingo ditugu Donostian 11:30ean Alderdi Ederren eta Iruñean 11:00etan, Sarasate pasealekuan.

Patronalak legedia urratuz

Sindikatuon arabera, datuek erakusten dute absentismoa ke-laino bat dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituenak. Arrisku hauek emaitza larriak dituzte langileen osasunean, 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko 2024an. Gasteizen, Legebiltzarreko atarian egin dugu iragarpena. Izan ere, lan osasunerako intersindikalak 2024ko ezbeharren txostena aurkeztu dugu bertan. Adierazi dugu 2024an enpresek zein mutualitateek 102.000 lan istripu aitortu dituztela, eta hauen erdiek baja eragin dutela. Zehaztu dugu gertatzen diren lan istripuetako asko ez direla aitortzen.

Istripu isilduak

Gaineratu dugu gobernuek heriotzen datuak ere izkutatzen dituztela, ohikoenak, garraiolarienak edo in itinere zein in mision istripuak izaten direlarik, askotan laneko heriotza bezala hartzen ez dituztenak. Istripu eta heriotza hauetako asko beren afiliatu sarearen bidez ezagutzen ditugu sindikatuok. Horrela, sindikatuok 64 laneko heriotza zenbatu genituen 2024an eta datu ofizialek 47 jaso zituzten. Sindikatuon arabera, honek erakutsiko luke datu ofizialak ezin direla seriotasunez hartu.

Azken urtean mutualitateen ariketa zital berri bat azaleratzen dela ere adierazi dugu, enpresek aitortutako eta komunikatutako istripu traumatikoak ez onartzea. Gaineratu dugu sektore batzuetan errazagoa dela hiltzea, basogintzan, eraikuntzan, industrian edo garraioan, esaterako, eta beste batzuetan errazagoa dela gaixotasun profesionalak garatzea, eta honetan gero eta nabarmenagoak direla afekzio psikosozialak. Honekin lotuta, sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz, ez dute bizitzen uzten.

Laneko gaixotasunak

Laneko gaixotasunei dagokienez, elkarte enpresarialak diren mutualitateetako sendagileek erabakitzen dute lehen instantzian, langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta den. Mutualitateen jarrerak gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria eragiten dutela gaineratu dugu.

Sindikatuok nabarmendu dugu patronalak ia 30 urte daramatzala indarrean dagoen lan osasuneko araudia ez betetzen, inpunitate osoz. Gaineratu dugu amaraun instituzionala inpunitate hori babesteko izan zela sortua, gobernuek ez dutelako patronala isuntzen eta patronalak ederki dakielako hori. Gobernuek enpresei zuzendutako mezua argia izango litzateke, “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”.

Iruzur honetan funtsezkoa da mutualitateen egitekoa, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen baitute. Honela, OSALAN eta NOPLOIk egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri. Egoera latz honen aurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok adierazi dugu urratsak ematen jarraituko dugula. Era berean, gobernuei exijitu diegu patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala.