Azkenaldian, sistema kapitalista honek ziurgabetasuna eta segurtasun falta baino ez digu saldu. Helburu bakarra dute, herritarrengan beldurra, etsipena eta gogogabetasuna hedatzea. Sinetsarazi nahi digute ez dagoela ezer egiterik, beste batzuen esku gaudela. Gure erresistentzia tresna eraginkorrena diskurtso horri buelta ematea da, eta aldi berean, elkarrekin aurre egin behar diegu izu politikei.

Armagintza eta gerraren ekonomiaren aldeko politikek gastu publiko militarra handituko dute, eta ondorioz, zerbitzu publikoetan inbertsioa murriztuko da, trantsizio ekosoziala bermatzeko beharrezkoa dena, hain zuzen ere.

Alternatiba ekosozial justua beharrezkoa da. Egungo egoerak krisi ekologiko sakonera eta bizitza eta lan gero eta prekarioagoetara garamatza. Erregai fosilei eta ekonomiaren hazkunde infinituaren logikari lotuta jarraitzen dugu. Murrizketek, merkantilizazioak eta prezio altuek elikadura osasuntsua, pentsio duinak edo etxebizitza duina izateko eskubidea ukatzen dute.

Bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte batetik urruntzen gara egunez egun. Jarraitzen dugu ulertu gabe zaintza lanak ezinbestekoak direla bizitza sostengatzeko eta gure egitura ekonomikoaren erdigunean kokatu behar direla. Emakumeak, eta bereziki emakume arrazializatuak, ezin dugu jarraitu isileko lana dohanik egiten, nahiz eta horretarako hezi eta ekoitzi gaituzten. Gizarte osoaren ardura da bizitza sostengatzea eta zerbitzu publikoen bitartez bideratu behar da. Aitzitik, zerbitzu publikoak gutxinaka suntsitzen ari dira. Era berean, matxismoa eta arrazakeria gorantz doaz.

Gerraren eta autoritarismoaren aroan bizi gara, non enpresen onurarako bakarrik egiten diren politikak. Enpresariek, finantza-funtsek, supermerkatu handiek eta banketxeek gero eta irabazi handiagoak metatzen dituzte. Herritarren eros-ahalmena eta ongizatea ordea beheruntz doaz. Egungo gobernuek sustatzen dituzten politika publikoak ez dira nahikoak.

Hezkuntzan, Euskal Eskola Publikoa umezurtz utzi duen gobernu honekin negoziatzera behartuta gaude. Hori horrela, gehiengoa dugun unibertsitatez kanpoko irakasleen sektorean mobilizazio eta greba dinamika indartsua abiaraztea lortu dugu. Hezkuntza Sailak langileen eskubideen kontrako diskurtso populista ugari hedatzen baditu ere, gizarteak argi du lan baldintzak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi alde direla. STEILASen badakigu langile publikoen lan baldintzek erreferentzialtasuna izan behar dutela jendartea eratzeko orduan, horregatik bilatu dugu batasun sindikala borrokaldi honi ekiteko. Asko dago egiteko baina gure aldarrikapen nagusiak honakoak dira: behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegu publikoa mantentzea, egonkortasuna lortzea edota plantilak gazteberritzea. Hori guztia, hezkuntza publikoa indartzeko, jakina. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, Euskal Eskola Publikoa erdigunean jarriko duen politiken alde borrokatzen jarraituko dugu! Soilik Euskal Eskola Publikoaren bitartez lor daiteken gizarte kohesioa dugulako helburu.

Maiatzaren 1ean langile borroka jarri nahi dugu balioan. Bizi-baldintzak hobetzeko borrokatu behar dugu.