Gaur, hilaren 14ean, burutu dugu 7 astez hezkuntza publikoaren alde egindako azken lanuztea. Guztira 27 elkarretaratze eta asanblada osatu ditugu, ehundaka irakaslerekin izan dugu hartu-emana, eta zinez aberasgarria izan da bertan jasotakoa. Aldi berean, agerian gelditu da hezkuntza publikoan aldaketak emateko eta inbertitzeko beharra, baliabidez hornitzekoa, plantilak areagotzekoa, aniztasunari erantzutekoa, ratioak jaistekoa, lanzama arintzekoa, erosahalmena berreskuratzekoa, plantilak egonkortzekoa, eta abar luze bat.
Gaur, hilaren 14ean, ANPE, AFAPNA eta UGT sindikatuek Hezkuntza Departamentuarekin sinatuko dute hezkuntzako itun berria. GUTXIENGOAN, irakasleen % 40a baino ez baitute ordezkatzen.
Zoritxarrez, sinadura honek ez gaitu ustekabean harrapatzen. Oroitu joan den astean AFAPNAk eta UGTk langile publikoen lan baldintzen aldeko greba bat deitu zutela. Honen aurrean, STEILASek espresuki eskatu zien bi sindikatu hauei ituna sinatzeko asmoa ote zuten adierazteko. Karta guztiak mahai gainean nahi genituen, irakasleek (grebara deitutako langileen herena baino gehiagok) gure lan baldintzak zein modutan defendatzen ari ziren jakiteko eskubidea baikenuen. Ez zuten argitu nahi izan.
Departamentuak hilaren 8rako eskatu zuen bilera bat, bertan sindikatu bakoitzak itunarekiko genuen posizioa adieraz genezan. AFAPNAk ordea, bilera hau atzeratzeko eskatu zuen, irakasleak saltzeko asmoa greba ondoren jakinarazi nahi baitzuten. Denok izan ginen AFAPNA eta UGT sindikatuek euren buruak babestu eta irakasleak traizionatzeko asmoaren eta azpijokoaren lekuko.
Gauzak horrela, joan den ostiralean gauzatu zen bilera Departamentuan eta azaroan akordioa sinatu zuten sindikatu berek sartuko digute labankada beste behin, labankada sakonagoa oraingoan, hiru urtetarako diseinatutako ituna sinatuko baitute gaurko egunean. Azaroko akordiotik ezer gutxi aurreratu duen ituna. Sindikatu guztion eskarietatik oso urrun gelditzen den ituna. Mehatxupean “negoziatutako” ituna. Korrika eta presaka idatzitako ituna. Inbertsio ekonomikoa handitu gabeko ituna. Errepikatzaileak pertsonatzat hartzen ez dituen ituna.
Ez ahaztu mobilizatzeko borondate eta gaitasun gutxi duten sindikatu sinatzaileek, sinatu ez dugun sindikatuon eta kalera atera zareten irakasleon indar eta borrokari esker eskuratu dituztela itun eskas honetan lortutako aurrerapauso txikiak, aurrerapauso deitzerik balego.
Gaur, hilaren 14ean, STEILASek, oraingoan ere zintzoki eta koherentziaz jokatuz, EZ DU ITUNA SINATUKO. Hemendik aurrera, benetako hobekuntzak lortzeko lanean jarraituko dugu, irakasle guztien defentsan, gure ikasleen hobebeharrez, kalitateruntz bidea eginez.
Eskerrik asko hilabete guztiotan kalitatezko hezkuntza publikoaren alde mugitu zareten guztioi, izan irakasle, hezkuntza komunitateko kide, zein herritar. Oraingoan, tamalez, ordezkatzen ez gaituen Nafarroako Gobernua berearekin atera da, hezkuntza publikoa galtzen atera den heinean.
Leave A Comment