Euskal Herrian, 2024an, 64 pertsona hil ziren lan-istripuz eta 100.000 langile baino gehiagok istripuak izan zituzten. Aurten ere, irmoki eta saminez salatzen ditugu gure lantokietan gertatzen ari diren lan-heriotzak. Galera bakoitza saihets daitekeen tragedia bat da, eta gogorarazten digu lan-baldintza ez-seguruek eta gobernuek eta patronalak laneko segurtasunarekin eta osasunarekin duten konpromisorik ezak ondorio konponezinak dituztela.

Gogor salatzen dugu lan-istripuen aurrean patronalak erakusten duen moral bikoitza eta gizatasun falta. Langileok gure lanpostuetan gaixotu, larri zauritu eta hiltzen garen bitartean, badirudi enpresen kezka bakarra lan-absentismoa eta beren onura ekonomikoak maximizatzea dela. Absentismoaz hitz egiten dute ekonomia kaltetzen duen arazo handienetako bat balitz bezala.

Lan-absentismoa langileok nahieran baja hartzeko borondateari egozten diote, gure kriminalizazioa bilatu nahian eta patronalak berak lan-eremu arriskutsuen sorreran duen erantzukizuna alde batera uzteko asmoz. Hala, mutualitateei botere handiagoa ematea eskatzen dute, lanera itzultzea azkartzeko presioa eginez, gaixotasunetatik eta gaitzetatik errekuperatuta egon gabe, “baja malguak” proposatuz; laneko ezbehar-tasa murrizteagatiko bonusak berriro martxan jartzea nahi dute; erretiroa hartzeko adinaren atzerapena bultatzen dute; gaixotzearen ardura langileona dela sinestarazteko ahaleginak eta bi egiten dituzte. Larriena da gobernuek diskurtso manipulatu eta interesatu horri ematen dioten babes itsua.

Neurri horiek guztiak genero-ikuspegia kontuan hartu gabe abiarazten dituzte. Frogatuta dago gaur egun lan-bizitza luzatzen dutenek ez dituztela enplegurik nekagarrienak, baina bai ondoen ordainduak. Emakumeon lan-bizitza oso gora-beheratsua da, hein handi batean zaintza lanen erantzukizunaren ondorioz. Lan munduan emakumeok jasaten dugun desberdintasuna eta esplotazioa agerikoa da; lan-baldintza prekarioagoei eta arriskutsuagoei aurre egiteaz gain, seinalatuagoak eta penalizatuagoak izaten gara, sistemak lanera huts egitera behartzen gaituenean.

Lan-istripuak ez dira estatistika hutsak, bizitzak daude tartean. Istripu bakoitza baldintza ez-seguruen, prestakuntza faltaren, prekarietatearen, desberdintasunaren edo prebentzio-neurri egokirik ezaren emaitza da.

Non dago aberastasuna sortzen dutenen kezka segurtasunarekiko eta osasunarekiko? Zergatik ez da inbertitzen prebentzioanm absentismoa kontrolatzeko jartzen den indar berarekin? Erantzuna argia da: patronalarentzat zenbakiek pertsonak baino gehiago balio dute.

Ez gara nekatuko esaten laneko heriotzak ez direla istripu isolatuak, onura ekonomikoa langileon bizitzaren eta duintasunaren gainetik lehenesten duten enpresa-politiken emaitza, baizik. Patronalari erantzukizun argiak eta sendoak eskatzen dizkiogu, egoera horiek errepikatzen jarrai ez dezaten. Laneko segurtasuna ez da gastua, eskubidea baizik.

Zer gertatuko litzateke hildakoak Confebaskeko edo CENeko enpresa handietako zuzendariak balira?

Gertaera horien biktimak korporazio handien ordezkari gorenak balira, ez al ziren premiazko neurri zorrotzak hartuko? Ez al legoke aurrekaririk gabeko mobilizazio sozial eta mediatokorik? Araudietan eta enpresa-kulturan ez al litzateke berehalako aldaketarik eskatuko?

Erantzuna agerikoa da. Edozein langileren bizitzak kargu altuenak betetzen dituztenen balio bera izan beharko luke. Hala ere, errealitateak erakusten digu ez dela horrela. Pertsona anonimoen lan-heriotzak, ekonomiari beren ahaleginarekin eusten diotenak, ahaztuta geratzen dira, justiziarik eta erreparariorik gabe.

Horregatik, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE-Etxalde eta CGT Nafarroa sindikatuok lehentasunak aldatzea eskatzen dugu. Benetan absentismoarekin amaitu nahi badute, has daitezela enpresak inbertsio handiagoa egiten laneko arriskuen prebentzioan eta lan-osasunean.

Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko lan-araudia betetzen ez duten enpresak irmo zigortzen hasi behar da.

Patronalak bere gain hartu behar du lan-istripuetan duten erantzukizuna, eta biktimei errua botatzeari utzi.

Absentismoa ezin da delitutzat hartu, kasu askotan prekarietatearen, lan-gainzamaren edo lan-baldintza txarren erruz osasun-arazoen emaitza denean.

Langileak ez gara salgaiak, eskubideak ditugun pertsonak gara. Gaur, inoiz baino gehiago, “aski da” esaten diogu enpresarien eta gobernuen axolagabekeriari, eta erabateko aldaketa eskatzen dugu laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko moduan.