Maiatzaren 10ean, larunbata, Hezkuntza publikoko hezkuntza komunitateko irakasle, familia, ikasle eta gainontzeko langileak elkartu eta manifestazioak egingo ditugu EAEko hiru hiriburuetan.

STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok Bilboko Lurralde Ordezkaritzan elkartu gara gaur, EAEko Hezkuntza publikoko irakasleen greba dinamikaren erregistroa egin eta urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloari jarraipena emateko.

Urtarriletik apirilera bitartean, %90eko ordezkaritza dugun STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deituta, bederatzi greba egun egin ditugu irakasleok. Orain arte luzatutako proposamenek, bestalde, ez diete erantzun egokirik ematen guk aldarrikatutako edukiei. Izan ere, eduki, zehaztapen eta bermeak falta direla adierazi dugu behin eta berriro. Hala, orain arte egindako greba eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an.

Gogoratu beharra dago indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa dela, hortaz, 15 urte luze daramatza Eusko Jaurlaritza hura berritu gabe. Aipatzekoa da ere apirilaren 10ean iragarri genituela maiatzeko grebak, eta ordutik sindikatuok ez dugula Hezkuntza Sailarekin biltzeko deialdirik jaso.

Egindako grebetan, langileok argi eta garbi adierazi diogu Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta gure aldetik, erabateko prestasuna izan dugu beraiekin biltzeko. Baina Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu nahi izan badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak, xantaiak… Ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu, eta blokeoa luzatzen dabiltza. Hitzetatik harago edukiak, zehaztapena eta konkrezioak behar ditugu langileok. 

Greba ziklo honetan zehar, mezu argiak helarazi dizkiogu Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta jaiotza-tasa aitzaki hartuta aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta hauetarako beharrezkoak diren formakuntzak ezartzea, eta azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea eskatzen dugu. 

Ezin ahaztu, irakasleok greba eta manifestazioetan erakutsitako indar erakustaldi horri, familia eta ikasleek antolatutako mobilizazioak gehitu zaizkiola. Izan ere, grebak babestu eta gure aldarrikapenekin bat egiten duela adierazi du hezkuntza komunitateak. Hala, maiatzaren 10ean, larunbata, denak elkartu eta manifestazioak egingo ditugu EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:00etan, eta Bilbo eta Gasteizen 18:00etan.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.