2025eko urtarrilean borroka dinamika bat abiarazi genuen Partzuergoko Haurreskoletan LAB eta ELA sindikatuekin batera. “Hezkuntza Publikoan Lan Baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean, irakasle eta sukaldari eta garbitzaileekin bat eginez atera ginen kalera.
Bi greba egun egin ostean, LAB sindikatuak eta Hezkuntza Sailak lan hitzarmena sinatu zuten otsailaren 10ean. Ondoren, martxoaren 21ean lau greba egun eta gero, Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileek ere akordioa sinatu zuten. Eta azkenik, maiatzaren 8an, 9 greba egun egin ostean, hezkuntza publikoko irakasleek akordioa sinatu zuten. Testuinguru hori guztia kontuan hartuta, Steilas sindikatutik Haurreskoletan gertatutakoaren balorazio sakona egiteko momentua iritsi dela uste dugu.
Haurreskolak Partzuergoan mobilizazioen bidea moztu ziguten otsailean bi greba egun pasa eta gero lan hitzarmen berri bat sinatu zenean, hau guztia sindikatu bakar baten babesarekin eta grebetara eraman gintuzten edukietan inongo hobekuntza esanguratsurik lortu gabe.
Garrantzitsua iruditzen zaigu aurrean aipatutako sektoreen lorpen batzuk Haurreskoletako “lorpenekin” alderatzea egoera ulertu ahal izateko:
• Gazteberritzea: erretirorako baldintzak hobetzen eta malgutzen saiatu ginen, errelebo kontratua hartu arte herena murriztuz eta metatuz. Borrokatzen jarraitzeko aukera kendu ziguten eta legeak ezarritakoa geratu zen. Lege hori aldatu denez, gaur egun errelebo kontratu gabe gaude. Irakasleen sektorean, ordea, 18 hilabete arteko presentzialtasunik gabeko aurrerapena sinatu du Steilasek, gehiengo sindikalarekin batera 9 greba egun egin ostean.
• Lanaldiaren murrizketa: negoziazioaren hasieratik 30 orduko astearen eskaera defendatu genuen. Azkenean, ordu 1 eta laurden gutxiago lan egingo dugu astean zehar (15 minutu gutxiago egunean, 6 ordu arreta zuzenekoak gehi 45 min. prestakuntza). Lan legepeko hezitzaileek ordea, egunean 6 ordu egingo dituzte lan, 5 arreta zuzenean eta ordubete prestakuntzarako izanik. Irakasleek ere 30 orduko lan astea daukate.
• Lan zama arintzeko neurriak: haurreskoletan bermerik gabeko dokumentu bat sinatu zen, ratioetan zenbaki errealak jarri beharrean. Momentuz ez dakigu nola aplikatuko diren. Irakasleetan estatuko ratio onenak lortu dituzte, Haur Hezkuntzan 23 haurretatik 22ra pasa dira. Honetaz gain, irakasleek arreta zuzeneko ordu lektibo bat edo bi gutxiago izango dituzte,
prestakuntzarako denbora gehiago izango dutelarik. Sukaldari eta garbitzaileetan ere ratio jaitsierak izan dituzte, sukaldarietan %17koa eta garbiketan, aldiz, %8koa.
Irakasleetan, adibidez, ehundaka lanpostu inguru sortuko dira sinatutako baliabide berrien ondorioz. Haurreskoletan dagoen lanpostuen gehikuntza bakarra, momentuz, apirilean sinatu genuen akordioari esker lortu da eta ez lan hitzarmen berriari esker.
• Sukaldari eta garbitzaileek norberak nahi duenean hartzeko 6 egunak mantendu dituzte (txanda egunak), sukaldariek 190 lan egun eta garbitzaileek 185 dituzte. Guri ordez, genituen bi txanda egunak kendu dizkigute eta ordaindu gabeko egunak hartzeko aukera izango dugu soilik.
• Erosahalmena berreskuratzeko neurriak: puntu honetan beste sektore guztiak aipatzeakberariazko garrantzia dauka:
• Irakasleek soldataren %7ko igoera lortu dute, funtzio publikoan aplikatuko direnez gain.
• Sukalde eta garbiketan %9ko eta %6ko igoerak izango dituzte, hurrenez hurren.
• Lan Legepeko irakasle eta hezitzaileen sektorean %14,39ko igoera emango da, HLE, ZHIeta traskribatzaileen kolektiboetan.
• Itundutako sare pribatuko langileen lansaria 2020tik 2024ra %16ra igo da.
• Haurreskolak Partzuergoan, aldiz, % 0,17ko “igoera hutsala” sinatu zuen LABek Hezkuntza Sailarekin. Igoera hau arropa konplementuaren barnean sartzen da, ez soldatarenean.
Aurreko guztia aintzat hartuta, ondorio argia ateratzen dugu: LABek beste sektoreetan askoz indar gehiagorekin borrokatu du eta ondorioz, lortutako hobekuntzak esanguratsuak izan dira. Haurreskolak Partzuergoan, berriz, langileok bi egun atera ginen kalera hobekuntza zehatz batzuk aldarrikatuz eta ez daude inolaz ere sinatutako akordioan txertatuta. Gure lan-baldintzak borrokatzeko eta hobetzeko aukera ukatu ziguten, beraien gehiengo absolutua inposatuz.
Ezin zaigu ahaztu ere Hezkuntza Legearen aurrean sindikatu bakoitzak egindako bidea eta Steilasek Hezkuntza Sailarekin sinatu ez zuen beste akordioa, Arantzazukoa, hain zuzen ere.
Steilas sindikatuaren jarrera sektore guztietan argia eta gardena izan da hasieratik: Hezkuntza sistema publikoa defendatzeko eta bere langileek izan behar dituzten erreferentziazko lan baldintzak lortzeko behar diren borroka guztiak erantzunkizunez aurrera eraman ditugu.
Haurreskolak Partzuergoan ere horrela izan zen, horregatik “hobekuntza sinbolikoak” eta gabezi nabariak zituen lan hitzarmena ez sinatzea erabaki genuen. Hala ere, nahiz eta borrokarako bidea moztu, gure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu Haurreskolak Partzuergoko zerbitzuak behar duen aitortza izan dezan, eta bertan gauden langileok behar ditugun lan baldintzak lortu ditzagun.
Euskal Herrian, 2025eko maiatzaren 16an
Leave A Comment