STEILASetik kezkaz ikusten dugu Espainiako estatuko unibertsitate pribatuen ugaritzea, gutxieneko estandar akademikoak betetzetik urrun, unibertsitatez mozorrotutako akademia gisa funtzionatzen baitute askotan, batzuk inbertsio funtsek bultzatuta eta irabazi-asmo argiarekin. Zentro pribatuen burbuila honek arriskuan jartzen du unibertsitate-eredu publikoa eta kalitatezkoa.

Espainiako Gobernua saiatu zen, Manuel Castells ministro ohiak sustatutako 640/2021 Errege Dekretuaren bidez, irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak erabat garatzen ez dituzten unibertsitate pribatuak irekitzeko dinamika hori geldiarazten. Hala ere, arauak ez du espero zen eragina izan, unibertsitateko proiektuen kalitatea ebaluatzeko txosten teknikoak, nahitaezkoak izan arren, ez baitira lotesleak izan. Ebaluazio-txosten negatiboak jaso arren, hainbat Unibertsitate proiektu martxan jartzeko izapide politiko eta administratiboak aurrera doaz edo bukatzear daude.

Espainiako Gobernuak, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministro berri Diana Moranten eskutik, Dekretua berrikustea proposatu du. Horren helburua da irizpide zorrotzagoak eta objektiboagoak ezartzea, eta orain bai, estatuko (ANECA) edo erkidegoko (EAEren kasuan, Unibasq) ebaluazio-agentziaren txosten positibo loteslea eskatzea, unibertsitate berrien sorrera baimentzeko, baita lehendik dauden unibertsitateen kalitatea bermatzeko kontrol eta eskakizun berriak ezartzeko ere. Irizpide eta eskakizun horien artean daude, besteak beste, dimentsio-eskakizunak (irakaskuntza-eskaintzaren gutxienekoak –10 gradu-titulu eta 6 master-titulu–, 4.500 ikasle martxan jarri eta bost urtera; horietatik % 50 gradu-ikasketetan), proiektuaren sendotasun ekonomikoaren justifikazioa, ikerketan inbertitzeko gutxieneko betebeharrak (aurrekontu osoaren % 5), ikerketa-taldeek Estatuko eta nazioarteko deialdietan parte hartzeko betebeharra izatea, etab.

STEILASek, irakaskuntza publikoa defendatzen duen sindikatua den heinean, begi onez ikusten du ustez unibertsitatekoak diren proiektuen kontrolik gabeko hedapena galarazteko saiakera, are gehiago horrek guztiak Unibertsitate Publikoaren garapena geldiarazi duenean, bere desegite mantso eta progresiboa ez denean. Izan ere, unibertsitate pribatua hedatzearekin batera, hainbat urtez izoztu eta, kasu askotan, murriztu egin dira unibertsitate publikoen aurrekontuak, plantillak izoztu egin dira eta langile asko prekarizatu egin dira. Horrek izugarri mugatu du gradu eta masterretako goi-mailako prestakuntzaren gizarte-eskaerekiko duen konpromisoari erantzuteko gaitasuna, eskaria duten edo jakintza-arlo berrietan (unibertsitate pribatuek eskaintza publikoari aurrea hartzea lortuz, edo horrekin abantailarekin lehiatuz), eta horrek berekin ekarri du unibertsitate-mailako prestakuntzan edo ezagutza-arlo berrietan desberdintasuna areagotzea. Euskadi ez da oasi bat izan zentzu horretan eta EHUk ez du merezi duen tratua izan euskal unibertsitate publiko gisa. Horregatik uste dugu, unibertsitate-sistemaren kalitatea eta bikaintasuna bermatzeko, ezinbestekoa dela Unibertsitate Publikoaren finantzaketa egokia. LOSUk berak BPGaren % 1eko helburua aurreikusten du 2030erako.

Euskadin, ordea, bai Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailean, bai Gobernuko alderdi nagusi, EAJn ere, araudiaren aldaketan proposatutako puntu batzuk xedapen honen aurkako jarrera eragin dute, hala nola, on line unibertsitate-irakaskuntzaren baimentzea Estatutik egiteak, eta unibertsitate-zentroen (gutxienez 4.500 ikasle) dimentsio-eskakizunak, Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboak inbaditzen eta mugatzen dituelakoan. UPV/EHUko errektoreak ere, bere aldetik, alderdi birzentralizatzaile horiek kritikatu ditu, nahiz eta, aldi berean, azpimarratu duen unibertsitateen kalitatea hobeto kontrolatu behar dela eta unibertsitate publikoak gehiago babestu eta bultzatu behar direla, bai hemen eta baita Estatuan ere.

STEILASentzat jokoan dagoena ez da eskumen arazo hutsa. EAJk beste batzuetan ere erabili izan du trikimailu hori, Etxebizitza Legean adibidez, politika desarautzaileak eta liberalizatzaileak garatzen jarraitzeko. EAJ ez dator bat Unibertsitate Publikoa finantzatzeko BPGaren %1a lortzearekin ere, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailburuak adierazi duen bezala. Bitartean, Euneiz bezalako proiektu pribatu bati ziurtatzen dio laguntza eman eta sostengatuko duela unibertsitate gisa hartua izateko lege-baldintzak bete ditzan, edo diru eta baliabide publiko handiekin babesten da unibertsitate zentro pribatuen irekiera, Basque Culinary Center edo EDA Wines&Drinksen kasu.

STEILASen ustez, hain zuzen ere, Autonomia Erkidegoak berak izan behar du euskal unibertsitate sistema garatzeko eta arautzeko eskumena baina, aldi berean, ekimen pribatu horietako asko bultzatzen dituen eta hezkuntzarako eskubidea negozio-aukera bihurtzen duen merkatu-logika erabat baztertzen dugu.

Ezin dugu onartu unibertsitate gisa funtzionatzea gutxieneko batzuk betetzen ez dituen edozein hezkuntza-negoziok; Euneizen kasuan, errealitatea da ez duela betetzen gogortu nahi zen araudi eskasa bera ere. Hezkuntza irizpideei erantzuten ez dien eta irizpide ekonomiko hutsak dituen konpetentzia desleialaren aurrean Euskal unibertsitate publikoa indartzearen alde egiten dugu.