Greba batek bere helburua lortu dezan, ohituta gauden eguneroko erosotasunean eragina izan behar du nahitaez. EHUn lanuzteak izatea ez da arrunta, unibertsitatea gelditzeko beharrezkoa da pisu handiko arrazoiren bat egotea. Bada, aurreko ikasturtean taxuzko zergati hori bagenuen eta – sektore publikoan egin ziren greba egunetatik aparte – bi greba egun arrakastatsu gauzatu genituen EHUn. Unibertsitateko komunitatearen aldetik izandako harrera onaren gakoetako bat sindikatuon batasuna izan zen zalantzarik gabe, baina STEILASen ustez egun horietako aldarrikapen nagusia ordezkoek kobratzen dituzten miseriazko soldatak izatea ere funtsezkoa izan zen.

Geroago, EHUko hauteskundeak iritsi ziren, eta Errektoretza Talde berriaren hauteskunde programan arestian aipatu dugun aldarrikapenari irtenbidea ematea jasota zetorren. Hala, kide berriek beren kargua hartu eta negoziazio mahaiak hasi bezain pronto, Irakasle-Ikertzaileen Errektoreordeari afera horren inguruan taldeak hartu zuen konpromisoa gogorarazi genion.

Aurreko taldeak indarrean dagoen USLOren inguruko txostena egin zuen bere garaian, baina talde berriak bigarren txosten bat eratu, eta apirilean, IRI arloko Errektoreordearen proposamen bat jaso genuen. Bertan, zereginak kuantifikatzerakoan, irakaskuntzarekin zerikusia duten ikerketa- eta kudeaketa-lanak, eta prestakuntza-jarduerak aintzat hartzen dira, eta horrek, EHUk ordezko irakasleak lanaldi osoan kontratatzea ahalbidetzen du. Alegia, iritsi zitzaigun akordio proposamenak aurreko ikasturteko aldarrikapen nagusia izan zena asetzen zuen. Haratago gainera, ordezko irakasle-kopurua ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin, eta betiere departamentuetako lan-karga kontuan hartuta, sail batean soilik ordezko irakasle bakarra egoteko aukera ematen du. Hori lortzeko, sailean sortzen diren behar berriak artatzeko laguntzaile doktore (PAD) plazak sortzea ahalbidetzen du akordioak.

Horiek horrela, landutako akordio-proposamena sindikatu guztiok ikusi genuen begi onez; izan ere, bertan jasotzen denaren arabera, ordezko irakaslea soldata duinarekin kontratatuko da. STEILASen ustez, erdietsitako akordioak premiazko den gai horri oso modu positiboan erantzuten dio. Argi dago akordio guztiek dutela zer hobetu, baina EHUko langileen lan-baldintzak hobetzeko eskura dugun guztia aprobetxatu eta ahal dugun guztia egin behar dugula uste dugu STEILASen; sinatu dugun akordioak horretarako abagunea eskaini digu eta hain zuzen ere, horrexegatik babestu dugu. Hala ere baina, horrek ez du esan nahi ez dugula ildo honetan lanean jarraituko, LABek, STEILASek eta CCOOk, hots sinatzaileak garenok, jarraipen bileren bitartez hobekuntza berrien noranzkoan segituko dugu.

Gure aldarrikapenetako asko asetzen dituelako sinatu dugun akordio hau atzo onartu zen Gobernu Kontseiluan, eta horrekin, ordezko irakasleek orain arte pairatu duten egoera bidegabeari amaiera emango zaio eta behingoz lan baldintza duinekin lan egingo dute!